Erakusleihoetako opilen ziabogak
Bizilagunek eta dendariek hiria girotu dute igandean jokatuko den Kontxako Banderaren bigarren jardunaldirako.
Euskal jaietako estropadek gorriz markatzen dute Donostiaren egutegia. Arraun zaletasuna hedatzen da hirian, batez ere Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiari begira (igandea, 11:00etan). Kaleak, itsasotik gero eta gertuago egon, orduan eta murgilduagoak agertzen dira kirol honen giroan. Horren adibide dira, besteak beste, balkoietatik zintzilik ikus daitezkeen traineruen ikurrinak eta denden erakusleihoek hartzen duten itxura.
Hirian, baina, batez ere Parte Zaharrean, ugariak izaten dira balkoietan azaltzen diren koloretako banderak. Bitxia da aurten Kontxako Banderan parte hartu ez duten Orio eta San Pedro traineruen kolore horiak eta moreak duten presentzia. Bestalde, gero eta maizago ikusten da hiriko traineru bateratuaren ikurrina zuri urdina ere.
Balkoietan ez ezik, erakusleihoetan ere areagotu dira Torrekua traineruaren koadrilari animoak emanez jarritako banderak. Dendari lotsati batek dioenez, «estropadarik onena antolatzen dugu, eta maila hori emateko animoak behar dituzte».
Baten edo bestearen alde egiteko baino, beste hainbat dendatan kirol proba bera omendu dute. Hori dela-eta, ez da zaila ikustea hariz egindako itsasoaren gainean traineru laukotea, edota aurten falta direnen koloreak barneratzen dituen ohorezko txanda.
Garaipen gozoak ere ikusgai dira Parte Zaharreko dendetan. Narrika kaleko opil denda batean gozo zaleenek ametsetan bakarrik amesturiko estropada dago. Kremaz beteriko pastelak, arraunak eta guzti, ziabogara iristen ari direla irudikatu dituzte. Donostiarra zirudien emakume batek bere lagun kanpotarrari azaldu dio opilek irudikatzen zutena. Bisitariak hauxe erantzun dio: «Kirola gustukoa izango dudan ez dakit, baina horietako bat gogo onez jango nuke».
Badirudi, kaleak horrelakoez betetzeak baduela bere eragina, gastronomikoa bada ere.



