Igeldoko jolas parkea eszenatoki bihurtuko da bihar
Kontzertu berezien kluba, ezohiko lekuetan lelopean hasiko da bihar, ostirala, Homeless Music Festival jaialdia; Donostiako Ginmusica promotorak abian jarritako ekimen berria. «Musika jaialdi formatu berria da, izenak dioen bezala, etxerik gabekoa. Noizean behin ezohiko lekuetan agertuko da kalitatezko kontzertuak eskaintzeko», adierazi du arduradunak, Sergio Cruzadok.
Igeldoko jolas parkean antolatu dute lehen zuzenekoa; bihar, 21:00etan hasiko da. Micah P. Hinson musikaria izango da izarra. Joan zen uztailaren 29an Le Bukowskin jotzekoa zen, baina kontzertua bertan behera utzi zuen auto istripu bat dela-eta. AEBetako egilea The Pioneer Saboteurs taldearekin igoko da taula gainera. Pixies taldearen ‘Trompe Le Monde’ disko mitikoko abestiak joko dituzte. The War on Drugs taldearekin hasiko dira lehen notak Igeldon. Duela bi urte Jazzaldian jo zuten. Orain «Bob Dylanen musikaren bertsio psikodeliko eta biziarekin» itzuliko da banda hirira.
Sarrerak 16 eurotan daude salgai. Igeldon bertan ere izango dira eskuragarri. Autobus publikoak eta funikularra prest izango dira jaialdia hasi baino lehen eta ondoren.


