"Partida guztiak irabaztera joan behar gara; berdin da aurkaria zein den"
Bera Berak larunbatean jokatuko du ABF Ligako lehen partida, etxean; oso baikor dago taldearekin Reyes Karrere entrenatzailea
ABF Liga hastear da eta Bera Bera Eskubaloia ez dago txantxetarako. Iaz, izandako bajak kubritzeko, zortzi jokalari fitxatuta, oso denboraldi ona osatu zuen Donostiako taldeak. Hala, hainbeste desiatzen zuen helburua lortu zuen, Europako EHF Kopan lehiatzeko txartela. Aurten, iazko taldearen oinarria mantentzea lortu dute, eta Reyes Karrere entrenatzaileak pozik dagoela esan dio Irutxuloko Hitzari. «Aurten aldaketa gutxi egon dira eta horrek esan nahi du pozik nengoela neukan taldearekin. Jokalari berriak uste genuen bezala erantzuten ari dira eta pozik egoteko baino arrazoiak ez ditut», adierazi du Karrerek.
Zehazki, lau dira fitxaketa berriak, eta noski, bakoitzak bere zeregina izango du. «Oso desberdinak dira. Atezainak esaterako, bat esperientzia handikoa da, eta bestea gaztea, eta etorkizun oparoa ikusten dioguna. Beraz, bata bestearekin orekatuko dugu. Gero, Eli Pinedori buruz, zer esango dugu? bere izenak dena esaten du, eta etxekoa da. Antonella Mena, berriz, pibote gaztea da, Dara Carvalhoren atzetik ibiltzeko, oso jokalari egokia».
Denboraldi-aurre ona
Lehia garrantzitsuak hasi aurretik, dagoeneko denboraldi-aurreko hainbat partida jokatu ditu Bera Berak. Itxura polita erakutsi du taldeak gainera. «Gure gora-beherak izan ditugu eta seitik lau irabazi ditugu; galdutako beste biak Itxakoren aurkakoak izan dira. Balorazio ona egin behar dugu eta jarritako helburuak lortu ditugu; defentsa sendotzea eta gol gutxiago jasotzea». Itxako handiaren aurka galdu duen arren, sufriarazi egin dio. «Itxakori irabazteko partida borobila egin behar duzu. Bukaeran egindako akats batzuengatik galdu genuen. Hortzak erakutsi, baina kozka egiteko gai ez bagara, ez dakit zenbateraino balio digun. Edonola ere, kontuan izan behar dugu, Europako bigarren taldea dela eta errespetu handia diogu». Hala, aurten ere Lizarrako taldeak beste taldeekiko aldea mantenduko duela uste du Reyesek. «Momentu honetan dena eramateko faboritoa da gure mailan, Europan ikusiko da».
Ligan iaz egindakoa hobetzea zaila izango duten arren, Karrere baikor dago. «Iaz hirugarren postuan egon ginen, bigarrena harrapatzeko moduan eta azkenean porrot egin genuen eta laugarren postuan geratu ginen. Hortik ikasi, eta partida guztiak irabaztera joan behar gara; berdin da aurkaria zein den».
Hasteko, derbia
Etxean hasiko du Liga Bera Berak; larunbatean, 19:00etan, Kukullaga talde bizkaitar igo berriaren aurka. «Partida desorekatua espero dut, baina aurreko astean beraien aurka jokatu genuen, eta azken 10 minutuetan atera genuen partida». Horregatik, gogor joango direla argi utzi du entrenatzaileak.
EHF Kopari begira, ez du urruneko planik egin nahi Karrerek. «Hori etorriko da eta dakokigun aurkariari aurre egiten saiatuko gara. Orain partida bakarra dugu buruan, larunbatekoa, hori da momentu honetan buruan duguna». Hori bai, ez du ezkutatu Europako lehiarako sailkatzea taldearentzat pozgarria denik. «Zenbat eta lehia gehiagotan parte hartu, hobea da taldearentzat. Guk hori nahi dugu, jokatu eta jokatu. Europara itzultzea, oso albiste pozgarria da guretzat». Kontuak kontu, bihartik aurrera ikusiko da zein den Bera Beraren benetako maila.
Bera Bera, jokalariak:
- Darly Zoqby (Brasil). Atezaina.
- Yamiley Rodriguez (Espainia). Atezaina.
- Anita Campa (Serbia). Lehenengo lerroa.
- Beatriz Fernandez (Espainia). Lehenengo lerroa.
- Eider Rubio (Donostia). Lehenengo lerroa.
- Veronica Cuña (Galizia). Lehenengo lerroa.
- Nagore Arizaga (Donostia). Lehenengo lerroa.
- Alba Menendez (Zarautz). Lehenengo lerroa.
- Anna Punko (Errusia). Lehenengo lerroa.
- Antonella Mena (Argentina). Bigarren lerroa.
- Dara Carvalho (Brasil). Bigarren lerroa.
- Libe Altuna (Zarautz). Bigarren lerroa.
- Eli Pinedo (Amurrio). Bigarren lerroa.
- Matxalen Ziarsolo (Ermua). Bigarren lerroa.
- Melinda Berta (Hungaria). Bigarren lerroa.



