"Dena doan da, jendeak asmatua eta egina, oso parte hartzailea"
Koruko jaiak desagertzean Egiako hainbat koadrilek Porrontxoak sortu zituzten. Irauteko asmoz hasi ziren, eta 30 urte beranduago, askok lanean jarraitzen dute.
Porrontxo jaien lehen egunak joan dira, baina oraindik goia jotzekoak dira. Aurtengoa ospakizun berezia izango da gainera, orain 30 urte jaiei hasiera eman zieten hamabi koadriletako kideentzat. Haietako batzuek oraindik ere antolaketa lanetan murgilduta jarraitzen dute, eta etziko igoeran omenduko dituzte. Horien artean, Joxepo Kortadi (Egia, 1956), Angel Aranjuelo eta Gloria Najarro. Kortadik (Egia, 1956) ibilbideari errepasoa egin du IRUTXULOKO HITZArentzat.
Zein izan zen Porrontxo jaien abiapuntua?
Egian jai pila zeuden: Koruko ama, San Juan, San Miguel, Madalenak, Udaberriko jaiak… Koruko jaia desagertu zen, eta hortik jaia sortu genuen, por narices. Data berdinetan, baina santua kenduta. Irailaren bigarren asteburuan ospatzen hasi ginen, baina Udalarekin azpiegitura arazoak izaten genituen, estropadak zeudelako. Orduan, hirugarren astean egitera pasatu ginen. Lehen bost bat urteetan, ostiraletik igandea arteko jaiak izan ziren. Aste osokoak izatera iritsi ziren, baina, murriztu, eta ostegunetik aurrera egiten hasi ginen.
Nolakoak izan ziren jai haiek?
Lehen jaiakoso sinpleak izan ziren: afaria, berbena eta porrontxo lehiaketa. Txaranga pare bat, eta joko batzuk ere izan ziren. Bigarren urtea antzekoa; eta hirugarrenean koadrilen kontuekin hasi ginen: igoera, koadrila arteko jokoak…
Sudur lehiaketa berreskuratzeko asmorik ba al duzue?
(Barre artean) Ez, beti berak irabazten zuen.
Hiru hamarkadotan asko aldatu al dira?
Bai, gauza guztiak bezala. Antolatzeko modua, parte hartzekoa, kopurua, teknologia kontuetan… Porrontxoak sortzean Loiolako eta Amarako jaiak zeuden oso indartsu. Agian gure data ona zen, oporrak pasata… Gorabeherak izan dira, eta koadrilen kopurua igotzen eta jaisten ikusi dugu. Orain hamar bat urte krisia izan zen, baina oso ongi gainditu genuen. Jai txikiak agian pikutara joaten dira edo gehiago nabaritzen dute. Gurea handia zenez, jaitsiera nabarmena izan arren, ez zen aldaketa handirik izan. Jende gaztea dator, koadrila asko… Hasierako hamabi koadriletatik bostek jarraitzen dute. Lan mota berdina da, baina orain ez dago Udalarekin ika-mikarik.
Zein da Udalarekin konponduezinaren arrazoia?
Pentsamoldea. Aste Nagusia udalaren eta Odon Elorzaren jaia zen, eta Porrontxoek garrantzia kentzen diote, tapatu egiten du. Jendeak Porrontxoak Aste Nagusia baino nahiago izaten ditu, eta bekaizkeriak erre ditu. Gregorio Ordoñezek gure jaiak atorranteak zirela esan zuen, eta Odonek ildo beretik jarraitu zuen. Egia da gu une batzuetan nahiko bereziak izan garela, goizeko 8etan txosnak lepo, jendea kalean, dantzan… Beti jomugan izan dira, luparen azpian, neurri guztiak bete ditugula zorrotz ikusiz. Bekaizkeria dela uste dut, izorratzen saiatu dira, jaia nola apurtu aritu dira…
Jaiak desagertzeko arriskua ikusi al duzue?
Ez. Bagenekien bai edo bai egingo genituela. Udalen baimenik izango ez bagenu ere, galtzeko arriskua ez dugu inoiz ikusi. Arazoa izango litzateke ezingo genukeelako kalea hartu eta gauzak prestatu; baina hartzea izango zen arazoa, ez jaia egitea. Auzotarrak prest zeuden kalera irteteko, lapiko-burrunba egiteko, musika jartzeko…
Egiatarrek oso maite dituzte Porrontxoak, ezta?
Bai. Irail hasieran tabernan, kalean… jendeak jaiei buruz galdetzen dizu, prestaketak ondo doazen. Jai egitarauan ikus dezakezu zenbat taberna eta dendek jartzen duten publizitatea. Arazorik gabe gainera, Porrontxoetarako dela esan, eta listo. Haurrentzako ekimen pila daude, eta barrakak ez dira inoiz etorri. Dena doan da, jendeak asmatua eta egina, oso parte hartzailea. Baten bat egongo da gustuko ez dituena; hor daude ordutegiengatik jarritako salaketak… Baina, oro har, Egian oso maitatuak dira, eta Donostian eta Donostialdean ere maite dituztela uste dut.
Zein da Porrontxoen arrakastaren sekretua?
Antolatzaileak. Koadrilek eta jendeak antolatzen du. Zer nahi duzun esatea erraza da, baina antolatzea ez da erraza. Nahi den hori norbaitek prestatu behar du. Denek dena egiten dute: antolatu, lan egin eta jaian ibili. Antolatuz parte hartzen dute, koadrila guztiek daukate zereginen bat. Ez dira jaira joatea bakarrik, zerbait ere egiten dute.
Zuek oraindik lan horretan aritzen al zarete?
Gure koadrilak parte hartzen jarraitzen du, baina laguntzaile bezala. Edozein unetan edozer egiteko prest gaude.
Horregatik omenduko zaituztete etzi.
Omenaldia egingo digute, eta horrelakoek joateko ordua dela esan nahi dute: ‘Zaharrak zarete, nahikoa da’, kar, kar.
Zer eginik izango duzue…
Zaharren eremua pixka bat ahulago dago, guk hartuko dugu eremu hori, zaharren Porrontxoak antolatuko ditugu!

