Amets eta oroitzapenen zinema zuzendaria
San Telmo Museoko ‘Federico Fellini. Ilusioen zirkua’ erakusketak zinemagile italiarraren mitoaren sorkuntza du ardatz
Zinemagile italiarraren mitoa aztertu eta ulertzen saiatzen da San telmo Museoan inauguratu duten erakusketa, Federico Fellini. Ilusioen zirkua. Ez da bere biografiaren ibilbide kronologiko bat. Fellini bere obsesioen bidez agertzen da. Haren inspirazio, oroitzapen eta ametsetan oinarrituta dago. Hura izan baitzen haren zinemaren abiapuntua: «Nire oroimena ez dago oroitzapenez egina. Izan ere, askoz ere naturalagoa egiten zait nire oroitzapenak asmatzea». Mekanismo hori erabili zuen, hain zuzen, ‘La dolce vita’ filmeko eszenarik gogoangarrienetako bat sortzeko. 1958ko irailean bihotzeko prentsan Anita Ekberg Fontana di Trevi iturrian bainatzen agertu zen. Handik zazpi hilabetera Marcello Mastroiannirekin eszena bera errepikatzeko eskatu zion Fellinik. Erakusketa aurkezteko Gerald Morin izan zen San Telmo Museoan, atzo. 70eko hamarkadan Felliniren zuzendari laguntzaile izan zen, eta hari eskainitako fundazioaren arduraduna da egun.
San Telmo Museoan mitoaren argazkiak, errodajeen irudiak eta garaiko albisteak haren filmeen proiekzioekin tartekatzen dira. Haren filmografian protagonista nagusi izan ziren aktoreen informazioa ere eskuratuko dute ikusleek ibilbidean zehar. Anita Eckbergi buruzkoa, esaterako: «Haren edertasuna gizakiaz gaindikoa da. AEBetako aldizkari batean lehen aldiz ikusi nuenean honako hau esan nion neure buruari: ‘ene jauna, ez nazazu utzi inoiz hura ezagutzen!». Erritu zinematografikoa, berez, sakon sakonean «erritu femeninoa» zela uste zuen Fellinik. Emakumeak, jakina, protagonista izan ziren bere filmeetan eta bizitzan. Haiekin lotutako obsesioak ugariak eta askotarikoak dira. ‘8 1/2’ (1963) filmeko Saraghinaren ninfomaniak ‘Amarcord’ (1973) filmeko tabako saltzailearen bular handiek ‘Emakumeen hiria’ (1980) filmeko landetxeko emakumearenak dirudite.
Marcelo Mastroianni zinemagilea pantailan zuen alter egoa zela esan izan da maiz. Inspiraziorik ez duen zuzendari baten papera egin zuen ‘8 1/2’ filmean, eta haren beste sei lanetan protagonista nagusiarena egin zuen.
Ikusizko historia laborategia ere bada erakusketa. Ibilbidean zehar, ikuslea Felliniren biografiatik urrundu egingo da zenbaitetan, zinemagileak bizitako garaia sakonago aztertzeko. Izan ere, XX. mendea zinemaren mendea izan zen, jakina, baina prentsaren, komunikabideen, telebistaren eta publizitatearen mendea ere izan zen; irudien mendea azken batean. Hain zuzen, bihotzeko prentsako paparazziek Felliniri zor diote haien izena. 50eko hamarkadan Erroma Tiberreko Hollywood zela esaten zuten. Estatubatuarrak Cinecittan filmazen hasi zirenean estudioak lubakiz inguratutako kanpamentu modukoak bihurtzen hasi ziren. Argazkilari gutxi batzuek baino ez zuten errodajeetara joateko aukera. Gainerakoak hiriko kaleetan ibiltzen ziren izarren eta aktore izan nahi zutenen eskandaluen bila. Argazki onak egiten bazituzten hurrengo eguneko portadetan agertzen ziren. Fellinik jarri zien izena irudien lapur haiei, La dolce vita filmean, Paparazzo izeneko argazkilariaren pertsonaiarekin. Handik aurrera paparazzi deitu zitzaien argazkilari berri haiei.

