Udazkenarekin iritsiko da Donostikluba jaialdia
Donostikluba zirkuituaren festa badator. Urte osoko musika egitaraua osatzera dator Donostikluba jaialdia. Hogei artista baino gehiago izango dira bertan. Eszenatoki bakarra izango du egoitza; Gazteszena. Eta hauek dira egutegian gorriz markatzeko egunak; irailaren 30a, eta urriaren 1a, 6a, 7a eta 8a. Jaialdiak ohiko filosofiari eutsiko dio aurten ere; askotariko musika estiloak bilduko ditu eta klub eta formatu txikiko proposamenak izango dira guztiak. Sarreren prezioa 10 eta 15 euro bitartekoa izango da. Iaz 2.000 pertsona inguru gerturatu ziren jaialdira.
Rock gau batekin hasiko da Donostikluba jaialdia, irailaren 30ean. Layabouts talde madrildarra eszenatokira igoko da ahots melodia eta gitarra riffekin. Espainiako surf musikaren aitzindari diren Los Coronas eta Valladolideko Arizona Baby igoko dira ondoren.
Urriaren 1ean pop doinuek hartuko dute Gazteszena. Bartzelonako Aias hirukoteak katalanez idatzitako kantak aurkeztuko ditu. Giorgio Bassmatti eta Jon Vidaur musikari donostiarrek, berriz, iaz argitaratutako Aproposito diskoko abestiak joko dituzte. Gauak luze joko du. Hirugarren kontzertu bat ere egongo baita;- Sr Chinarro indie pop talderena. Festa DJ Pin&Pon-ek amaituko dute. Urriaren 6an rock eta elektronika doinuak izango dira nagusi. Fairlight eta Polaroid talde donostiarrak izango dira bertan. Elektronika munduan eskarmentua duen Bflecha kantari eta DJak eta John Talabot DJ setak osatuko dute gau horretako egitaraua. Urriaren 7an, berriz, The 99 Call, PLV Havoc, Clem Snide eta Bigott izango dira zuzenean.
Urriaren 8an hip hop eta pop doinuak nahastuko dira Nach, Muy Fellini, Love of Lesbian eta Nacho Vegasekin.
