Birziklatutako etxeko olio erabiliaren kopuruak %20 egin du gora
Zartaginean pilatutako olio zikina harraskatik behera botatzeak ingurumenari kalte handia egiten dio. Gero eta herritar gehiago dira, ordea, jokabide horrek eragiten dituen kalteez jabe direnak.
Hala, erabilitako olioa birziklatzeaz arduratzen den Ekogras enpresak 480.000 litro olio jaso ditu aurten. Garberako Garbigunean jarritako edukiontziak kopurua handitzen lagundu duela adierazi du Ekograseko Xabier Murok. Birziklatu duten etxeko olio kopuruak %20 egin du gora. Olioa jasotzeko sistema hobetuko balitz, kopuruak gora egingo lukeela erantsi du Murok.
Olio litro batek mila litro ur kutsa ditzakeela kalkulatu dute. Ibai eta itsasoak garbi manten daitezen, birziklapenaren aldeko kanpaina berezia egingo dute bihar, 11:00etatik 13:00etara, Alderdi Ederren. Sukaldakeko olioa eramaten duten herritarrei txistorra ogitartekoa emango diete opari. Umeek, gainera, txapak egiteko tailerra izango dute eta Irrien Lagunek prestatutako komikia jasoko dute.
Alderdi Ederrera hurbiltzeko gonbita luzatu die Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak donostiarrei, erabilitako olioak autobusak mugitzen baititu. Donostiabuseko autobus guztiak hornitzen dituzte olioz egindako biodieselez. Hiru autobus dira soilik biodieselaz mugitzen direnak. Autobusen %10, berriz, gasolina ontziaren erdia baino gehiago izaten dute biodieselez betea. Gainontzekoek, aldiz, nahasketaren %30 dute gutxienez.