Clive Owen aktoreak bereganatuko ditu flash guztiak
‘Intruders’ filma aurkeztuko du bihar Sail Ofizialean Daniel Bruhl eta Pilar Lopez de Ayala aktoreekin
Zeluloide usaina dario hiriari. Kazetari eta argazkilariak hasi dira hara eta hona, Kursaal eta Viktoria Eugenia Antzokiaren inguruan. Zinefiloak hasi dira goizean goiz ilara egiten proiekzioetara sartzeko. Estreinaldiak eta estreinaldi gehiago iragartzen duten publizitate kartel erraldoiek kaleak hartu dituzte. Hasi dira epaimahaikide, aktore eta zinema zuzendariak alfonbra gorritik desfilatzen. Atzo jo eta su lanean ibili zen Zinemaldian lanean ari diren laurehun pertsonako taldea: Azafatak, jaialdiaren espazioetan azken ikutuak ematen ari diren langileak… Eta hasi dira, jakina, izarren zale sutsuenak autografo bat eskatu eta argazkiak ateratzeko txoko onenak gordetzen.
Fantasiazko thrillerra
Gaur eta igandea bitartean Zinemaldiak ekitaldi honetako izar handienen bisita espero du. Atzo Frances McDormand Sail Ofizialeko Epaimahaiko presidentea iritsi zen lehendabizi Maria Cristinara. Eguerdian iritsi zen eta Jose Luis Rebordinos zuzendaria agurtu eta gero azkar-azkar sartu zen hotelean, bertan bildutako bideo eta argazki kamerei ia tarterik eskaini gabe. Hurrengo orduetan etortzekoak ziren gaur inaugurazio emanaldian estreinatuko den Intruders filmeko lan taldekoak: Juan Carlos Fresnadillo zuzendari kanariarra eta Daniel Bruhl , Pilar Lopez de Ayala eta Clive Owen aktoreak. Hain zuzen Owenek bereganatuko ditu jaialdiaren lehen egunean flash guztiak. Fantasiazko thriller batean ikusiko dute haren zaleek.Gertaera bitxiek ikaratutako bi familiari buruzko lana da. Ingalaterran, neskatila batek benetako mundua inbaditzen duen munstro batekin amesgaiztoak izango ditu; Espainian, berriz, aurpegirik gabeko ezezagun batek ume bati eraso egingo dio. Filma Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiaketatik kanpo.
Eta izar eta distira gehiago… Juan Diego Botto eta Kim Ki-Duk, besteren artean. Bihar, berriz, No habra paz para los malvados filmeko lantaldea helduko da. Jose Coronadok jokatzen du pelikulako pertsonaia nagusia. Eta igandean, Donostia Saria jasotzera etorriko da Glenn Close. Saria jasotzera, eta Albert Nobbs filma aurkeztera. Martin Scorsesek George Harrisonen inguruan egindako dokumentalaren estreinaldia dela eta, haren alarguna, Olivia Harrison ere etorriko da jaialdira. Catherine Deneuve eta Anouk Aimee, berriz, Jacques Demyren omenaldian izango dira.