Doka, bertsolariaren sukalde eta laborategi bihurtuta
Unai Elizasu gai-jartzaile altzatarrak ‘Bertsolaria bere bakardadean’ ekimena abian jarriko du bihar
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaz gain, hurrengo hilabeteetan bestelako bertso saioak ere izango dira. Bihar bertan hasiko da Unai Elizasu gai -jartzaileak prestatutako ‘Bertsolaria bere bakardadean’ ekimena: «Txapelketaren eskematik kanpo egindako gauza bat da. Berrikuntza izango dela uste dugu. Gure ohiko jardunetik kanpo dagoen guztia arakatzeko momentua da hau. Bertso saio batera goazenean gure gaiak prestatzen ditugu eta ikuskeraren abanikoa bat da; kasu honetan gure ikuskera zabaldu egin behar dugu, eta nora iristen garen ikusi. Hori izango da erronka».
Hilabetero emanaldi bat egingo dute, bertsolari eta gai-jartzaile desberdin batekin. Hamar bertsolari, hamar hilabetetan. Josu Goikoetxea eta Elizasu bera txandakatuko dira gai-jartzaile gisa. Andoni Egaña bertsolaria eta Unai Elizasu gai jartzailea izango dira lehen bertso saioan; bihar, 20:00etan. Urriaren 21ean, Miren Amuriza; azaroaren 3an, Amets Arzallus; eta abenduaren 23an, Maialen Lujanbio.
«Andoni Egañak eta Joxerra Garziak Hernanin proba moduko bat egin zuten aspaldi. Nahiko ondo atera zen, eta banuen proba hori egiteko gogoa; baina ez bertsolari bakarrarekin. Plazan ezin egin ditugun gauzak bertan probatuko ditugu, Dokan. Bertsolariekin beste harreman bat izango dugu. Aurretik gauza batzuk landu, edo zer landu genezakeen aztertuko dugu, eta bertan zer gertatuko den ba ez dakit. Finean, saioaren amildegia ohi baino handiagoa izango da. Kasu honetan bertsolariak eramango du ia pisu guztia gai-jartzailearekin batera. Gauza berri bat izango da, planteamendu berria delako. Gure ideia plazan ezin ditugun gauza horiekin esperimentatzea da».
Ikusleentzako ere esperientzia berria izango dela uste du Elizasuk: «Ez dugu saio on bat izango denik bermatuko; ahalegina da ziurta genezakeena. Probaleku bat baita finean. Bertsolaria probatuko dugu batik bat; berak bakarrik egin behar duelako dena. Eta erantzukizun handia da berarentzat. Egun txarra baldin badu ez du beste bertsolari baten babesa izango. Bertsolariek ez ezik, guk ere gure burua probatuko dugu oholtza gainean. Saio honetatik plazan egiteko zerbait balekoa ateratzen bada ba pozik».
Dokan egingo dituzte saio guztiak, «espazio horretarako propio prestatutako ekimena baita. Dokan egingo dugu eta bertan bukatuko da, ez dugu herriz herri eramango. Leku egokia da formatu honetako jarduerak egiteko, eta han beti hartu gaituzte mimo handiz».