Mendian, baina korrika
Vasco de Camping elkarteak sail berri bat sortu du duela gutxi, asfaltotik kanpo ere azkar ibili nahi dutenentzat; momentuz gutxi dira, baina taldea zabaltzea dute helburu.
Hilabete gutxi batzuk baino ez dira igaro Vasco de Camping mendi elkarteak CVCKorrika atala sortu zuenetik. Mendian korrika egitea atsegin dutenen txokoa izateko jaio da, eta espero baino harrena hobea izan duela dio Teo Cachok, sail horretako arduradunak. «Kluba pixkanaka hazten ari da eta zuzendaritza berriak jarduera gehiago egiteko aukera eman nahi zuen. Beraz, mendian korrika egitea gogoko dugunok sail hori sortzea proposatu genuen. Eta egia esan harrera ona izan du», azaldu dio Cachok Irutxuloko Hitzari. «Ezusteko atsegina hartu dugu, ez genekien klubeko kide askok gustuko baitute mendian korrika egitea. Momentuz gutxi gara, baina pixkanaka gehiago biltzea espero dugu».
Hala, behin iraupen eskiko denboraldia bukatu zenean, saila seriotasunarekin antolatu zuten. «Ez dago data zehatzik saila noiz sortu zen esateko, baina maiatza bukaeran bloga sortu zuen Rafa Elorzak». Interneteko blogak (cvckorrika.blogspot.com) oso ongi funtzionatzen duela dio Cachok eta hainbat afizionatuk euren esperientzien berri ematen dutela bertan. Horretaz gain, korrika egiteko aproposak diren elastiko batzuk ere egin dituzte. «Uztaila bukaeran lortu genituen elastikoak, eta horiek jantzita abuztuan pare bat lasterketetan parte hartu genuen bospasei lagunek». Udaberrian, denboraldi berriari ekiteko, talde handiagoa osatzeko gai izango direla uste du Cachok. «Azken batean, 4.000 bazkide ditu Vasco de Campingek, eta horietatik 2.000 mendian federatutakoak dira; beraz, 40-50 inguru biltzea gustatuko litzaiguke».
Saileko arduraduraren hitzetan, taldearen asmoa ez da lasterketetan parte hartzeko korrikalariak prestatzea. «Ez dugu saila lehiara bideratu nahi. Aurretik gauzak egiten genituenak horri eustea da nahia, eta mendian ibiltzeko ohitura dutenei edota bestelako krosetan parte hartzen dutenei mendian korrika egiteko aukera ematea». Hala, batetik eta bestetik hartu eta talde irekia osatu nahi dute.
Edonola ere, Cachok argi utzi nahi izan du bakoitzak bere erritmoa jartzeko aukera duela. «Mendiko, lasterketetan bakoitzak nahi duen erritmora joateko aukera du, batzuk dena ematen dute eta beste batzuk helmugara iristea baino ez dute helburu. Esaterako, gure kide batek, askotan esaten du: ‘beti azkenetakoa iristen naiz, baina gehien gozatzen duenetakoa naiz’».
Korrikalari gehiagoren zain
Orain arte osatutako taldetxoak, ez du elkartu eta entrenatzeko egun zehatzik, baina astean behin elkartzeko ohitura dauka. «Gure blogean oharrak jartzen ditugu korrika egitera goazen egunen berri emateko. Ekainetik lauzpabost ostiraletan elkartu izan gara, baina ez gara beti geratzen». Hori bai, askotan gertatzen den bezala, sail honetan ere zaila egiten ari zaie emakumeak erakartzea. «Momentuz emakume bakarra dugu taldean eta argi dugu gure ideia emakume gehiago lortzea dela. Ikusi besterik ez dago emakumeen partaidetzak herri lasterketetan izan duen gorakada. Saiatuko gara gu ere partaidetza igotzen». Edonola, emakumeak edo gizonak izan, taldekide gehiago pozez jasoko lituzke Cachok bere sailean. «Eskatzen dugun baldintza bakarra Vasco de Campingeko bazkide izatea da. Beraz, jendea animatu dadila, gure asmoa giro polita sortzea baita, lasterketetara bakarrik ez joateko».
Jaizkibeli buruzko argazki erakusketa irekiko dute:
Vasco de Camping elkarteak erakusketa berri bat zabalduko du bihar bertan , 19:00etan, klubaren Groseko egoitzan (Iparragirre, 8). Erakusketaren oinarria Jaizkibel mendiaren ingurua da, eta inaugurazioan, egilea bera, Miguel Angel Otaduy, bertan izango da. Hala, erakusketako argazkiekin batera, bideo batean bildutako argazki gehiagorekin irekiko dute ekitaldia.
Guztira, Otaduyk ateratako 22 argazkik osatzen dute erakusketa: Animaliak, naturak eraldatutako harriak, paisaiak… denetarik topa daiteke. Gaurko aurkezpena joaterik ez duenak, izango du erakusketaz aurrerago ere gozatzeko aukera, abenduaren 10era arte egongo baita zabalik.