Geltokiz-geltoki eta bertsoz-bertso, Illunbera iritsi arte
Udako atsedenaldiaren ondoren, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bigarren faseari ekingo dio. Larunbatean, Andoainen egingo dute final-zortzirenetako lehen bertso saioa. Bigarrena, igandean, Azkoitin. Bertan lehiatuko da Zubietako Asier Azpiroz bertsolaria. Unai Gaztelumendi añorgatarraren txanda urriaren 1ean izango da, Elgoibarren. Amara Zaharreko Manex Mujika, berriz, Irunen ariko da, urriaren 9an. Hirurek txapelketaren lehen fasea gainditu zuten. Guztira 60 pertsolari aritu ziren bertsotan; eta orain, final zortzirenetan, puntuaziorik altuena lortu zuten lehen 32 bertsolariak izango dira.
Beñat Gaztelumendi añorgatarra urriaren 23an murgilduko da txapelketan, Villabonako final laurdenetako saioan. Izan ere, txapelketako finalistak final laurdenetan hasi ohi dira, eta Gaztelumendik bigarren postua eskuratu zuen 2007an. Bigarren fasera heldu diren bertsolariak eta zuzenean final laurdenetara pasatu diren 2007ko finalistekin batera 42 parte hartzaile izango dira txapelketan.
Bertsozale Elkarteko arduradunak pozik agertu ziren lehen faseak izandako harrerarekin: «Maiatzean hasi zen lehen fasea. Ehun bat lagun bildu dira bertso saio bakoitzean. Orain, gainera, irudi berria eman diote txapelketari. Gipuzkoako bertso eskolen sarea islatuko du Gpuntuak, metro sarearenkontzeptua erabilita: «Metroko linea bakoitza txapelketako fase bakoitzari dagokio, eta bertso eskolen sareak lurralde osoa hartzen duen linea islatuko du», azaldu du Oroitz Azurmendik, Elkarteko koordinatzaileak. «Gipuzkoako bertso sarea ehuntzera dator Gpuntua, geltokiz-geltoki, bidaiariak eta bertsolariak bat hartuta Illunbeko helmugaraino», gaineratu du Saroi Jauregik, Elkarteko lehendakariak.
Irudi berriarekin, eta edukiera handiagoko aretoekin hartuko dituzte ikusleak: «Antolakuntzatik apustua egin dugu bertsozale guztiek saio guztiak ikusteko aukera izan dezaten eta kalean gera ez daitezen». Bestalde, bertsolariek egin beharreko lanetan zenbait aldaketa egin dituzte. Egitura tradizionala irauli nahian eta bertso saioen emaitza aberastu nahian ariketen ordenean eta egituran aldaketak izango dira.
Metroko erabiltzaileek bezala, txapelketaren inguruko informazio guztia biltzen duen mapak banatuko dituzte bertsozaleen artean. Andoainen hasi eta Illunbeko finala bitartean 16 saio jokatuko dituzte. fase bakoitzaren artean astebeteko atsedena hartuko du Gpuntuak. Halere, azaroaren 20an Arrasaten finalaurrekoa jokatzeko asmoa bazuten ere, Espainiako Hauteskundeak direla eta astebete atzeratu behar izan dute. Asteburu berean jokatuko dira beraz Arrasateko (azaroak 26) eta Tolosako (azaroak 27) finalaurrekoak. Asteburu honetan hasi eta Illunbera iritsi arte Gpuntuak hainbat geldiune izango ditu, eta azken helmugaraino hainbat bidelagunekin egingo du topo. besteak beste, finalaurrekoetan Xabier Leteren eta Aitzol-en heriotzen harira omenaldia egingo die txapelketak. Abenduaren 4an, Hernaniko finalaurrekoan, Arkaitz Miner konposatzaileak Lete omentzeko propio prestatutako musika erabiliko dute kartzelako sintonia gisa.
Saioetarako sarrerak erosteko Gpuntua.com eta Bertsosarrerak.eu webguneetara jo behar dute bertsozaleek. Saioen aurretik tokian tokiko leihatiletan ere jarriko dira zenbait sarrera salgai.
Elkano Browning Cream taldeak jarri dio Gpuntuari musika DGpuntuak sintonia berria aurkeztu zuen atzo. Mikel Azpiroz donostiarra buru duen Elkano Browning Cream taldearen abesti bat aukeratu dute; azken diskoko Yodi kanta, hain zuzen. Txapelketarako, ordea, letra berriekin jantzi dute, eta beste abeslari batek jarri du ahotsa. Gipuzkoako bertso eskolen artean egindako lehiaketa baten bidez Antzuolako Sasibertsolaixak taldeak irabazi du, eta haiek idatzi dituzte hitz berriak. Eta ahotsa, berriz, Gari musikariak jarri du.