Tabakalera eta Donostia 2016, agintaldiko apustu potoloak
Udal Gobernu aldaketak ehun egun bete ditu eta Juan Karlos Izagirre alkatea pozik da egin duten lanarekin. “Donostiak guztiz normal funtzionatu” duela esan du eta uda “zoragarri” joan dela nabarmendu du. “Ez da istilurik izan eta inoiz baino turista gehiago hurbildu dira”. Donostia sozial, plural eta parte hartzaileago baterako urratsak ematen direla erantsi du, “beste batzuk hiri klasista eta espekulatiboagoa nahiago badute ere”.
Agintaldiko apustu garbiak zeintzuk izango diren argitu du, era berean: Tabakalera eta Donostia 2016. Gainontzeko egitasmoak, baina, aztertzen ari dira; egoera ekonomikoak lehentasunak ezartzera behartuko duela baitio. Dena den, Auditz Akularreko egitasmoa ez dela bideragarria eta ez dela egingo esan du, defizita puztuko duelako. Autobus geltokia ere ez du bideragarri jo alkateak; halere, oraindik aztertzen ari direla gaineratu du.
