Urriaren 20ean azalduko du Bilduk bere gobernu programa
Astero udal taldeetako bozeramaileekin elkartzeko proposamena egin du alkateak
Azken urteetako dinamikari eutsi eta hiriaren egoerari buruzko osoko bilkura antolatzen jarraituko du Bilduk. Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak iragarri duenez, urriaren 20an izango da Bilduren lehenengoa eta orduan xehetuko dute udaz geroztik prestatzen ari diren udal programa.
Halere, hiriak dituen beharrei erantzuteko ematen ari diren pausoen berri emateko, astero elkartzea proposatu die udal taldeetako bozeramaileei. Proposamena ondo hartu dutela adierazi du Burutaranek. PSE-EEko Susana Garcia Chueca zinegotziak «behar den guztietan» elkartzeko prest daudela eta alkateak emandako hitza betetzea espero duela zehaztu du.
Ehun egun bete dira Bilduk aginte makila hartu zuela, Ricardo Burutaranek, baina, argi utzi du: «Ez dira presaren zirinboloan amilduko». Alegia, erabaki beharreko inbertsioak ez dituzte «arintasunez» hartuko. Udalak eskaintzen dituen ongizate nahiz bestelako zerbitzuen kaltetan ez dutela proiekturik aurrera eramango baieztatu du. Era berean, oposizioak ezartzen dituen baldintza eta denboren morroi ez direla izango nabarmendu du.
Udal Gobernua hauteskundeetan aurkeztutako programa egungo egoera ekonomikora doitzen ari da. Errealitate ekonomiko eta soziala zaila dela aintzat hartuz, udal nahiz herritarren egoera ekonomikora egokitu beharra dagoela jakinarazi du Burutaranek. Txostenak eta alternatibak aztertzeko unea dela, eta alegazioei garrantzi berezia emango dietela argitu du. Aurreko Gobernuak, gainera, izango zituen ondorioak kontuan hartu gabe «presazko erabakiak» hartu zituela salatu du.
