Aldundiak udalak finantzatzeko duen ereduaren kontra egin du Jabi Vitoriak
Gastu arruntaren oreka bermatzea da Udal Gobernuak esku artean duen erronka eta Jabi Vitoria Ogasun ordezkariak gainetik kendu ezin duen buruhaustea. Gipuzkoako Foru Aldundiak bildu duen diru kopurua aurreikusitakoa baino txikiagoa denez, 11 milioi itzuli beharko dizkio Udalak. Diputazioak zergak jasotzeko ekitaldia amaitzerakoan jakiten du aurreikuspenekin asmatu duen ala ez. Sistema honek –aurten gertatu den bezala– udalei galera eragin diezaiekeela zehaztu du Vitoriak. Honenbestez, udalak finantzatzeko sistema aldatzea eskatu du, «oraingoak ez baitu finantza-autonomia bermatzen, eta ziurgabetasuna eragiten du funtzionamenduan».
Gipuzkoako Foru Aldundia udalen hornitzaile nagusietako bat da. Donostiako Udalaren sarreren %45 foru erankundetik heltzen da. Datorren urteko diru bilketa oparoagoa izatea espero dute; denera, Udalak 108 milioi euro eskuratzea espero du. Kopuru horrekin datorren urteko aurrekontua osatzeko pausoak eman ditzaketela adierazi du Ogasun ordezkariak. Gastu arruntak eta diru sarrerak parekatzea izango da egiteko nagusia. Horretarako, «gastu arrunta jaitsi edo tasa eta zergak igo beharko ditugu», dio ordezkariak. Gastu arrunta murriztuarekin batera, zerga eta tasak igotzea ez du baztertu Bilduko ordezkariak.
Zer egin erabakitzeko, gainontzeko udal taldeekin adosteko lan egingo dutela jakinarazi du Vitoriak. Udal ordezkariek aste honetan zehar elkartzeko asmoa dute. Murrizketak 2011ko ekarpena aurreikusitakoa baino txikiagoa izango denez, gastua txikitzea beharrezkoa izango da, halere. Bizkartzainak gutxitzea edota ordezkapenei erantzuteko egungo lan taldearekin arrera egitea, gastuak aritzen lagundu du. Udalak, era berean, kontratu potoloak ditu hainbat enpresekin eta horiek ere negoziatu beharko direla aditzera eman du Vitoriak. «Zerbitzuaren kalitatean zein ondorio izan ditzakeen neurtu beharko da», erantsi du.


