Autobus konpainiak bere lehen ibilgailu hibridoa du
Ezin ekologikoagoak dira hiriko autobusak. Birziklatutako olioa erabiltzearekin gutxi ez, eta geldirik edo galgatzerakoan behar duen energia berrerabiltzen duen autobus hibridoa eskuratu du Donostiabusek. Merkatuan den autobusik garbienetakoa izatearekin batera, isila da oso. Hortaz, bihar Gros-Amara autobusa hartu behar dutenek adi-adi egon beharko dute geltokian, arretarik jartzen ez duenari autobusak ihes egin diezaiokeelako.
Man enpresak serian ekoitzi duen lehenengo autobus hibridoa da hirira iritsi dena. Udan zehar, Altza, Gros-Amara, Mutualitateak eta Martuteneko linietan ibili den autobusa prototipoa zen. Bihartik aurrera kalerik kale ibiliko dena, berriz, zahartu arte geratuko da gainontzeko autobusen artean.
Horrelako ibilgailuak estreinatu ahal izatea Udalarentzat «aurrerapausoa» dela adierazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak. Ingurumenaren aldeko keinua egiteaz gain, erregai ordainagirian ere aurrezteko aukera izango dute, kontsumoa %30 murriztuko duelako. Autobus hibridoaren berezitasuna galgatzerakoan edota semaforo eta geltokietan geldirik dagoenean berreskuratu eta berrerabiltzen duen energian datza. Energia bat ala beste erabilita ibilgailua beti martxan egon dadin, bi motor ditu: termikoa eta elektrikoa. Horiek bertikalean jarrita daudenez, atzealdea estuxeagoa du. Kanpotik, halere, sabaiko konkorrak egiten du beste autobusetatik desberdin, bertan metatzen duelako autobusak berrerabiliko duen energia.
350.000 euro ordaindu dituzte autobus hibridoa eskuratzeko. Europako Batasunak, ordea, diruz lagundu du. Laguntza horren truke, egunotan biltzen dituzten datuak gainontzeko hiri eta erakundeekin partekatuko dituzte, beste hiri batzuentzat eredugarri izateko.
Autobus konpainia urtetik urtera ari da garai modernoetara egokitzen. 125 urteko historian bilakaera ikaragarria izan da. Bidairiek urteotan emandako erantzun leiala eskertzeko, festa egingo dute gaur, 19:00etan, Alderdi Ederren.

