"Batzuk barrez lehertuko dira, beste batzuk, ordea, hunkitu egingo dira"
Telmo Esnalek ‘Urteberri on, amona! aurkeztu du Zabaltegin; Zinemaldian ez ezik igandean ere hiriko zinema komertzialetan estreinatuko dute
Duela sei urte Asier Altunarekin batera zuzendutako ‘Aupa Etxebeste!’ komedia aurkeztu zuen Zinemaldian. Orain bakarrik itzuli da, Urteberri on, amona! filmarekin; Zuzendari Berriak saria eskuratzeko hautagaia da Zabaltegin. Kontxu Odriozola, Montserrat Carulla, Nagore Aranburu eta Josean Bengoetxea dira aktore protagonistak. Jose Ramon Soroiz, Iñake Irastorza eta Klara Badiola aktoreak ere agertzen dira bigarren pertsonaia gisa.
Filmaren lantaldea Maria Cristina hotelean izan zen atzo medioekin, eta lanaren inguruko sentsazioez hitz egin zuten: «Hunkituta atera nintzen proiekziotik. Telmo Esnalek oso ondo kontatu du istorioa. Errodatzen ginenean ez nuen beste pertsonaien larruan sartzeko denborarik izan, eta emanaldian seme txikiak hunkitu egin ninduen», azaldu du Josean Bengoetxeak. «Egia asko ikusi nuen lehen pasean. Gogo handiz lan egin genuen, eta emozio horiek guztiak pantailan islatzen direla esango nuke. Lasai gaude hori ikusi dugulako», gaineratu du Nagore Aranburuk.
80 urte luze dituen amona Mari da protagonista; Montserrat Carulla aktore katalanak interpretatatu du pertsonaia. Alzheimerra duela dirudi, baina… «Amona pertsonaia anbiguoa izatea nahi nuen. Gaixo al dago? Gaiztoa al da? Bakoitzak pentsa dezala nahi duena», esan du Esnalek. Kontxu Odriozola eta Pedro Otaegi aktoreak haren alaba Maritxu eta bere senarra Joxemariren paperean ariko dira. Joxemarik amona Mari zaharren etxean uzteko erabakia hartuko du, eta ez dio inori ezer esango, ezta bere emazteari ere. Hain zuzen ere, ama zahar-etxean utzita joango dira Benidormera oporretan.
Telmo Esnalek ez du aiton-amonarik, baina gertuko kasu batek eman zion ideia. «Etengabe bere alabari deika ari zen; bakarrik zegoenean, ordea, dena bere kabuz egiteko gai zen amona hura. ‘Zer gertatzen zaio? Burutik jota dago? Zergatik tratatzen du horren gaizki bere alaba? Zergatik jokatzen du horrela? Eta nik nola jokatuko nuke?’ Istorio indartsua zegoela ikusi nuen».
Komediatik urrundu eta beste gai batzuk bilatu dituela dio zinemagileak: «Errespetu handia ematen zidan komedia hutsa egitea. Kontu horietaz barre egitea… Komediarako uneak daude, baina funtsean istorio gogorra da. Aupa Etxebeste!-ren ondoren antzeko planteamendu bat erabiltzeko asmoa nuen; baina zer gertatzen da protagonisten plana gaizki ateratzen denean? Ikuslea espero ez duen bideetatik eraman nahi izan dut. Batzuk barrez lehertuko dira, eta beste batzuk, ordea, hunkitu egingo dira». Bengoetxearen ustez, «Ikusle bakoitzak bere istorioa aurkituko du filmean, eta are politagoa dena, bere pertsonaia aurkituko dute. Kinielak ere egongo dira. Noren alde egingo du bakoitzak?». Aranbururen hitzetan, «Espero ez duten zerbait ikusiko dute. Entretenitu egingo dira. Hasieratik bukaera arte harrapatzen du jendea».
Esnalentzat plazera da berriz ere Zinemaldian egotea: «Erakusleiho bikaina da. Gainera hau lehen aldia dela ematen du. Aupa Etxebeste!-rekin egon ginen duela sei urte, baina ahaztuta nuen jada». Jendaurrean ikusteko beharra duela aitortu du, «jendeak nola erantzuten jakin nahi dut».
Urteberri on, amona! Zinemaldian izango da ikusgai egunotan. Zinema areto komertzialetara irailaren 30ean iritsiko da. Donostiara, ordea, igande honetan bertan.

