
Euskaltegietako eta Bagerako ordezkariek lankidetza hitzarmena sinatu dute (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Bigarren urtez, hiriko euskaltegi gehienek Bagerarekin bat egin dute euskaldun zahar eta berriak elkartzen dituen ‘Mintzalaguna’ programa bultzatzeko.
Euskara hobetzeko, laguntzeko, lotsa galtzeko, euskal mundura hurbiltzeko, kaleko euskara ikasteko… Arrazoiak arrazoi, euskaraz aritzeko solaskide bila dabiltzanek
Mintzalaguna programan aurkituko dute norekin hitz egin. Izan ere, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak sustatutako ekimenean dozenaka lagunek parte hartzen baitute urtero. Urratsa egitera ausartu direnek edo berriro parte hartu nahi dutenek urriaren 3an hasita dute izena emateko aukera.
Donostian euskararen ezagutza, batez beste, %40koa da; baina erabilera, aldiz, %16koa. Euskara ikasteaz gain, ikasleak euskal komunitatean txertatu behar dira. Bi ahalegin horiek ezkontzeko beharraz jabeturik, Bagerak eta hiriko sei euskaltegik lankidetza akordioa berretsi dute. Bigarren urtez, ikasleak
Mintzalaguna programara bideratuko dituztela adostu dute Urratseko Isidro Yoldik, AEKko Oihana San Josek, Altza-Urumeako Ane Garmendiak, Hitzez-eko Andoni Lamarkak, Legazpi 6ko Eli Altunak eta Ilazkiko Miren Tolosak. Lehen urteko onura nabaritu dutela aitortu du Bagerako Aitziber Gurutzeagak: “Egonkortutako pragrama da. Hala ere, hitzamenari esker euskaltegietatik jende gehiago etorri dela nabaritu dugu”.
Hizketarako aukera gehiago
Bagerako kideek 1993an abian jarri zuten euskaldun zaharrak eta berriak elkartzen ditu ekimena. Astean behin, ordubetez, elkartzen dira euskaraz hitz egiteko. Paseoan dabiltzala, kafetegian, parkean… eurek adosten dute hitzordua. Programak adin guztietako 200 bat lagun elkartzen ditu ikasturtero, gaztetxoetatik 80 urte ingurukoetara. Adina, beraz, ez da arazo. Izan ere, taldeak osatzean, kideen arteko adin aldea, gehienez, hamar urtekoa izatea lehentasunetako bat da. Horrekin batera, ordutegi bateragarriak eta euskara maila parekidea izatea.
Ohiko jardunaz gain, ekimen osagarriak ere egiten dituzte. Hala nola, hiriko beste mintzalagun taldetxoekin irteerak, afariak, zaletasun taldeak edo Mintzalagun Eguna. Azken urteetan, ordea, Mintzodromoa berreskuratu eta gehitu egin diote zerrendari. Gurutzeagak gogoratu duenez, “Bagerako bilera gelan hasi ginen Mintzodromoak egiten. Gero Euskararen Udal Patronatuak 2009ko Euskararen Egunean ekimen erraldoia antolatu zuen. Ordutik aurrera, guk koordinazio orokorra daramagu, eta euskaltegi guztien laguntzaz antolatzen ditugu”. Abenduaren 3ari lotutakoez gain, San Telmon hiru Mintzodromo berezi egin zituzten udaberrian. Bertan jasotako iritziak oso onak izan dira. “Jendea oso pozik zegoen, oso beharrezkoa dela uste dute. Edonorekin edozeri buruz hitz egiteko baliagarria izan zaiela zioten partaideek”. Behar horri erantzuteko, hitzarmena sinatu zuten eragileek bi hilabetean behin Mintzodromoa egiteko asmoa dute.
Isidro Yoldi -Urrats euskaltegiko arduraduna
«Naturaltasuna ematen dio hizkuntzaren erabilerari»
Urrats euskaltegiko arduradunak Mintzalaguna programa euskara naturaltasunez ikasteko bidea dela uste du. Bertako 20 bat ikaslek parte hartu zuten iaz.
Ikasleek parte hartzeko gogoa dute?
Jendearentzat oso garrantzitsua da gainera. Benetan erabiltzeko eta ikasteko gogoa dutenek beti komentatzen digute euskaltegitik irten eta, askotan, ez dutela familian edo lagunartean euskara erabiltzeko aukerarik. Beraientzat oso aukera polita da. Aukera hori hor dagoela jakitea ona da. Guk horren berri ematen dugu euskaltegian, eta eskertzen dute.
Hitzarmenaren aurretik mintzalagunak ziren ikasleak ba al zenituzten?
Bazeuden, baina hitzarmenak gizarte osora zabaldu du, ia euskaltegi guztiek parte hartzen dugu… Ikasleak babestuta sentitzen dira, haiek bezalakoek ere parte hartzen dutela dakitelako .
Eskolen osagarria da, ezta?
Esan bezala, batzuek ez dute aukerarik euskaltegitik kanpo. Nik, esaterako, beste hizkuntzak ikasten nituenean asko eskertzen nuen praktikatzeko norbait izatea. Gure herrian euskaldunak badaude, eta benetan txalogarria da boluntarioen ahalegina. Ikasleentzat oso garrantzitsua da eremu akademikotik kanpo euskaraz egitea.
Zertan nabaritzen duzue?
Erronka euskaltegiaren babesgunetik kanpo ikasitakoa praktikatzea da. Konfiantza irabazten dute, nagusiki, baita praktika ere. Esamolde errazak, erabiliak, egunerokoak… praktikatzen dituzte; euskaltegietan batzuetan oso esamolde artifizialak erabiltzen ditugu. Naturaltasuna ematen dio hizkuntzaren erabilerari. Lagun batekin elkartu eta edozein gauzari buruz, gai normalez, hitz egiten dute.
IZENA EMATEA
Telefonoa. 943-467181 edo 629850838
Internet. www.bagera. net, mintzalaguna@bagera.net
Egoitza. Katalina Eleizegi, 36.
Epea. Urriaren 3tik 21era.
Kuota. 75 euro.