"Ez gara zapore txarrarekin geratu, ahal genuen guztia egin dugulako"
Sandra Alvarado: Salto Bera Berako jokalaria
Europako Txapelketa jokatu dute aulki gurpilduneko saskibaloi selekzioek, joan den astean, Israelen; Sandra Alvarado Espainiako selekzioarekin aritu da, baina ez dute esperotako postua lortu.
Salto Bera Bera sortu zenetik, taldeko joko-antolatzailea da Sandra Alvarado (Gros, 1983). Beste behin ere, Espainiako selekzioarekin txapelketa garrantzitsu bat jokatzeko aukera izan du. Helburua 2012ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea zen, baina ez dute zuzeneko postua lortu. Hala ere, hurrengo aukera bat izango du taldeak, eta Alvaradok badu esperantza.
Nola jakin zenuen selekzioarekin jokatzeko hautatu zintuztela? Normalean eskutitz edo posta elektroniko bidez jartzen dira gurekin harremanetan. Oraingoan, ordea, desberdina izan da. Hautatzaileak deitu egin zidan, Europako Txapelketa irailean jokatzekoa zela esateko, eta ea joaterik izango nuen galdetu zidan. Taldekideek elkarrekin entrenatzeko denbora izan duzue? Bai, elkarrekin egon ginen entrenatzen Madrilen, apirilean. Gero, txapelketa hasi aurretik, Guadalajaran egon ginen astebetez bilduta. Hortik zuzenean Nazaretera (Israel) joan ginen.
Entrenamenduak gogorrak izan ziren? Egia esan, gogorra izan zen prestaketa; egun ahulak izan genituen, baina hizketaldi bati esker goruntz egitea lortzen genuen. Beraz, entrenamendu garaiak zeri aurre egin behar genion konturatzeko balio izan zigun.
Aurreko urteren batean ere selekziorako hautatua izan zara.Taldeko jokalari guztiak ezagutzen zenituen? Bai gehienak ezagutzen nituen. Bazegoen aspaldi ikusi gabeko neskaren bat, baina ezagunak nituen. Gainera, adin txikiko bi jokalari ere egon dira gurekin, ziur zeresan handia emango dutela. Jose Miguel Lopez entrenatzailea ere ezagutzen zenuen? Bai. Bera Berakoek Bidebietan jokatu genuen partida bat ikustera etorri zen, nirekin hitz egiteko. Eta lehenago ere entrenatu nuen berarekin.
Nolakoa izan da txapelketa? Oso gogorra, kontzentrazioa oso beharrezkoa izan dugu. Egunero partida bat jokatu behar izan dugu, eta denbora guztian saskibaloia izan dugu buruan. Hotelean, 19 selekzio ginen, eta gure arteko gai bakarra saskibaloia zen; ea zer egin duten mutilek, zer egin duen Turkiak, noiz jokatzen dugun… atseden uneak ere izan ditugu, baina denbora guztian saskibaloia genuen buruan.
Asko jokatzeko aukera izan zenuen? Egia esan kontua galdu nuen, partida guztiak ikusten egon bainintzen. Hala ere, kantxa kanpotik ere jokoan parte har dezakezu. Taldekideei animatzen egoten nintzen, barruan egongo banintz bezala.
Asko sufritu duzue partidetan? Aurkarietan denetarik zegoen. Orain arte, Alemania eta Holanda izan dira talde indartsuenak. Bestetik, Ingalaterra, Frantzia eta gu beste maila batean ginen. Ustekabean, ordea, Ingalaterra Alemaniaren mailan zegoela ikusi genuen. Israelek berriro eratutako taldea du, eta Turkiak oraindik ez du indar gehiegi. Alemania eta Ingalaterra iritsi ziren finalera, Alemaniak irabazi zuen, eta Holanda izan zen hirugarrena. Gu laugarren postuaren bila joan ginen, Frantziarekin lehiatuko ginela jakinda. Dena eman genuen Frantziaren aurka, baina irabazi egin zigun. Hala ere, ez gara zapore txarrarekin geratu, ahal genuen guztia egin dugulako. Gainera, 12 jokalariren ordez, 10 jokalarirekin moldatu behar izan ginen, azken orduko bi baja izan genituelako.
Kolpe gogorra izan da Olinpiar Jokoetara sailkatu gabe geratzea? Bai, esperantza genuelako. Aurreko txandan Frantziaren aurka jokatu genuenean, esaterako, ikusi genuen pixka bat gehiago entrenatuta ametsa ukitzeko gai ginela. Baina, zoritxarrez, oraingoan ezin izan dugu lortu. Edonola, orain Olinpiar Jokoen aurretik egongo den txapelketari begira jarri gara. Zuzeneko postua lortu gabe geratutako selekzioek beste aukera bat izango dugu, kontinente bakoitzetik bat. Seguraski apirilean izango dela pentsatzen dut.
Laster hasiko duzu Liga Salto Bera Berarekin, ezta? Lagunartekoren bat izan dugu eta Liga urriaren 30ean hasiko dugula uste dut. Beraz, mugitzen hasi behar gara.

