Maitasun mingarria
‘The Deep Blue Sea’ filma aurkeztu du Terence Davies zuzendariak Sail Ofizialean
Duela hiru urte haren zinemari eskainitako atzera begirako zikloaren harira etorri zen. Orain The Deep Blue Sea filmarekin itzuli da Terence Davies (Liverpool, 1945), Sail Ofizialera. Txalo zaparrada jaso zuen atzo goizean, Kursaaleko prentsarako emanaldian. Tom Hiddleston (Thor, Midnight in Paris) aktorearekin izan zen atzo prentsaurrekoan.
Zinemagile beteranoak Terence Rattiganen izen bereko antzezlanaren zinemarako egokitzapena egin du. 50eko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerran, girotutako maitasunezko hirukia du ardatz. Rachel Weisz aktoreak Erresuma Batuko Auzitegi Goreneko epaile baten emaztearen pertsonaia jokatzen du. Bizimodu probilegiatua darama Londresen. Senarra utzi eta armadako pilotu ohi batekin maiteminduko da, eta harekin joango da bizitzera.
Apaingarririk, eta antzezkotasunik gabeko maitasuna; min egiten duena, sufrimendua ekartzen duena. Hori da, finean, filmaren muina: «Filmean ez da gauza handirik gertatzen; maitasuna eta maitemintzeari buruzkoa da. Bizitzaren gauza txikien ingurukoa da, hain zuzen ere. Maitatzen baduzu, sufritu ere egiten duzu, jakin badakizu-eta, pertsona hori galdu egin dezakezula», adierazi du zuzendariak. «Ikusleak hunkitzea espero dugu; maitasunaren eta pasioaren alde ilunari buruzkoa da. Maitasuna itsua da, oso indartsua, eta suntsigarria izan daiteke», jarraitu du Tom Hiddleston aktoreak.
Senarra utzi du, baina… Zoriontsua al da? Erabaki zuzena hartu al du? Zalantza hauekin jolas egin du zuzendariak. Rachel Weiszen pertsonaia heroitzat jo du Daviesek: «Hondoa jotzen du, baina aukera egiten du, eta bizitzea erabakitzen du. Rachel hemen balego ‘sentimenduen garaipena’ dela esango luke ‘jabegoaren gainetik’, senarrarengandik askatzea erabakitzen duelako. Kontrakoa uste arren, bihotzak agintzen du buruaren gainean». Hegazkin pilotuaren pertsonaiaren papera egin du Hiddlestonek: «Hirurek elkar maite dute, baina maitatzeko modua desberdina da, eta horrek ekartzen du sufrimendua. Ezin diote elkarri behar dutena eman. Gainera Daviesek ez du soilikmaitasun erromantikoari buruzko filma egin. Hori baino konplexuagoa da». «Maitasuna hondamendia da», bukatu du Daviesek.
Isaki Lacuesta eta Barcelo
Sail Ofizialean Isaki Lacuesta zinemagileak Miquel Barcelo artistarekin elkarlanean egindako Los pasos dobles filma aurkeztu zuen atzo. Francois Augieras margoalri eta idazleari buruzko lana da. Afrikan barrena abentura ibili zen Augieras; hala, bunker militar bat pinturaz estali eta hondartzan hondoratzen utzi zuen. Filmak ustekabean harrapatu zituen atzo ikusleak eta kontrako kritikak jaso zituen. Prentsaurrekoan ere tentsio uneak izan ziren kazetarien eta Lacuestaren artean: «Beharbada film hau hobeto ulertuko dute haurrek zinezaleek baino», adierazi du Lacuestak.

