Ramon Agirre eta Fermin Muguruza, Kortxoenearen Zinemaldian
Groseko gaztetxeak jaialdi «alternatiboa» antolatu du bigarren urtez; doako egitaraua prestatu du
Donostia zinemaren izarrez beteta dago, eta alfonbra gorriz jantzita. Kortxoeneak zinemaldi «altenatiboa» prestatu du: «Zinemaldi ofizialak bultzatzen duen eredu elitistaren aurrean planteamendu herrikoi eta parte hartzaileago bat» proposatu dute. Iaz egin zuten lehen ekitaldia. Besteren artean, Klara Badiola aktore donostiarra gerturatu zen euskal zinemaren inguruan hitz egitera.
Programazioa doan eskainiko dute, eta emanaldi guztiak 19:00etan egingo dituzte. Atzo hasi zen egitaraua, kaleko arteari eskainitako saio batekin. Gaur, asteartea, Jose Maria Tuduriren Santa Cruz, apaiz gudaria (1990) filma proiektatuko dute. Ramon Agirre aktore eta protagonista donostiarra bertan izango da ikusleekin hitz egiteko.
Bihar, asteazkena, animazioko euskal zinemari eskainitako saioa egingo dute. Kalabaza tripontzia (1985) proiektatuko dute, eta haren egilearekin, Juanba Berasategirekin solasaldia egingo dute ondoren. Fermin Muguruza musikaria ere izango da Kortxoeneako zinemaldiaren gonbidatuen artean. Ostegunean ariko da irundarra Hitz egin musika dokumentalaz hitz egiteko. Galindok Negu Gorriaken abestiaren aurka jarritako salaketari aurre egiteko kanpaina du ardatz.
Film laburren rallya
Okupazio mugimenduari buruzko dokumental bat ere izango da ikusgai, ostiralean: Acuerdo 8. Madrilgo Patio Maravillas etxe okupatua du ardatz filmak. Gainera Kortxoenean euskaraz azpititulatuta emango dute. Dokumentalaren egileak ere izango dituzte gonbidatu gisa.
Larunbatean, berriz, film laburren rallya egingo dute. Parte hartu nahi dutenek Kortxoenearen webgunean izena eman beharko dute larunbata baino lehen. Hogei segunduko film labur bat filmatu eta editatu beharko dute hamabi orduan. Arratsaldean lan guztiak proiektatuko dituzte gaztetxean. Egitaraua Laudioko Igor Arzuaga bakarlariaren kontzertuarekin bukatuko da.
