Autobus geltokiaren proiektua berraztertzen ari dira
Adostuta zegoen hitzarmenarekin aurrera egitea eskatu du EAJk
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak aditzera eman duenez, «beharrezkoa» da autobus geltokiko proiektua berraztertzea eta horretan ari dira Udalarekin batera. Donostiarrentzat «lehentasunezko azpiegitura» dela onartu du. Aurreko agintaldian azpiegitura egia bihurtzeko bi erakundeek sinatu zuten hitzarmenari dagokionez, Aldundiak onartuko den proiektuarentzat jarriko duela dirua argitu du Ugartek; «proiektu hori zein den ikusi beharko da», gaineratu du.
Foru bozeramaileak Zubietaz hitz egin du, bestalde. Errauste planta geratuko balitz, aurre egin beharreko kalte ordain eta ondorio ekonomikoak zein izan daitezkeen zehazten ari direla adierazi du.
Konpromisoak bete
EAJk, hain justu, Atotxako autobus geltokia eta garraio publikoarekin lotura duten beste hainbat gai –txartel bakarra, AHT, aldiriko trenen eskuduntza…– jorratu ditu. Orain arte adostu diren konpromisoekin aurrera egiteko eskatu du, alderdi desberdinen arteko adostasuna dutelako oinarri. Hala, autobus geltokia aurrera ateratzeko Udalak eta Aldundiak itxi zuten hitzarmenarekin jarraitzeko eskatu du.


