"Modan dagoen ‘crowd funding’-a gure betiko auzolana da"
Alejandro Urrusolo, ‘Aktibista’ filmeko zuzendaria
Bulebarrean ematen ari dira ezagutzera ‘Aktibista’ filma eta bere inguruko proiektuak, nahi duenak parte har dezan.
Alejandro Urrusolo Aktibista filmaren zuzendaria da. Donostia Films ekoiztetxea dago proiektu ekintzaile honen atzean, baina ateak zabalik ditu bertan parte hartu nahi duen ororentzat. Bulebarrean ikusgai dauden bi pisuko autobus eta festa gunea dira zinema egiteko modu berriaren aurkezpen txartela. Gaur izango da bertan egongo diren azken eguna, eta baita estreinaldirako urtebeteko atzera kontuaren lehenengo eguna.
Giza aktibismoa eta zinema bateratu dituzte proiektu honetan. Urrusolok azaldu duenez, «nire bizitzako beste alorretan aktibista izanda, nire begietan banituen zinema hutsa ziren irudiak; Giraldillak, Berlino… eta horiek konpartitu behar nituen».
Hain zuzen ere, film honetan errealitatea eta fikzioaren mugak ere birrindu nahi ditu Aktibista-ren lan taldeak. «Gure buruari errealitateak fikzioa gailentzen zuen galdetzen genion, eta hala izan zen». Sevillako atletismo mundu txapelketan azalduriko Giraldillak edota Berlineko zinemaldian egindako ekintzako Berlino ere izango dira pelikularen parte.
Ekintzetan grabatutako irudiek beste ezer baino hobeto kontatzen dituzte hainbat gauza; «esaterako, polizien beldur aurpegiak oso esanguratsuak ziren». Azken batean benetako gertaeretan eta benetako mezua duen kontakizuna egin nahi dute Aktibista-rekin. «Gure proposamena da errealitatetik, egindako ekintzetatik, tarteak hartzea eta fikziotik tarteak hartzea», zehaztu du zuzendariak.
Urrusolok argi dauka, eta horrela azaltzen du; «gauzak kontatzeaz gain, pelikula entretenigarria izatea nahi dugu».
Berrikuntzaren alorrean bidea urratzen ari dira, bai kooperatiba moduko kudeaketan, bai kontzeptuan eta baita teknikan ere. Zuzendariak erraz erabiltzen ditu transmedia eta antzeko kontzeptuak; baina, horiek Euskal Herriko kulturan ere oinarria dute Aktibista filmaren arduradunentzat. «Andoni Egañarekin hitz egiten ari nintzen, eta horixe esan zidan; ‘guk bertsolariok egiten duguna transmedia da’». Azken batean, plataforma batean egindako kontakizunari beste batean segida ematea «ez da berria bertsolarientzat».
«Marka bat sortu eta horren kontura plataforma ezberdinetan kontakizun eta eduki berriak garatzea». Hori da Urrusolok filmaren inguruan sortzen ari diren on-line eta off-line komunitateak zein bestelako proiektu paraleloak laburbiltzeko erabiltzen duen leloa.
Datorren urterako hitzordua
Gaur bertan Aktibista filmaren urtebeteko atzera kontua hasiko da. Irailaren 21a Bakearen Mundu Eguna izanik, data esanguratsua probestu nahi dute 2012an filma lehen aldiz pantailaratzeko. Zinemaldiaren barruan egin nahi dute. Urrusolok aurreratu duenez, «Rebordinosekin hitz egiten hasi gara eta aukera dagoela dirudi».
Baina, Zinemaldia ez da Aktibista-k begiko duen Donostiako erakunde bakarra. Proiektuaren bultzatzaileek 2016 Kultura Hiriburutza ere begiko dute. «Ekimen interesgarria da, nahiz eta herri ikuspegia falta zaion. Aktibista trilogia baten parte da, eta beraiekin batera landu nahi dugu bigarren zatia; 2016 Misio bat, bakea».
Parte hartzeko bideak
Proiektuan parte hartzeko hiru bide aurkeztu dituzte: filmaren finantzatzean lagunduz, gidoia osatzeko garaian ekarpenak eginez, baita protagonistetako bat bilakatuz ere. Horretarako prestatu dute web gunea; www.aktibistafilma.com. «Barkamena eskatu nahi dugu, webgunea oraindik euskaraz ez dagoelako», adierazi du Urrusolok.
Jende askok diru gutxi jarrita proiektu bat finantzatzeari deitzen zaio crowd funding. «Modan dagoen crowd fundinga gure betiko auzolana da», nabarmendu du Urrusolok. Modu horren bidez ordaindu den proiekturik garestiena 650.000 eurokoa da. «Oraindik ez gara era irekian hasi, eta gure ekarpen soilarekin, lana eta abar, 350.000 daramagu. Hemen oso ohikoa da horrelako gauzak egitea; begiratu ikastolak». Horren aurrean, apaltasun osoz honako hau gehitu du, «hemen mundu errekorra hautsi dezakegu».



