Osoa eta orekatua
Bera Bera Eskubaloi Taldeak 8 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako eskubaloi eskola antolatu du Bidebietako kiroldegian.
Joan den ikasturteko uzta hobetu nahi dute Bera Bera eskubaloi eskolako arduradunek. Haurrek kirol honen teknika eta arau oinarrizkoenak ikasteko ekimena da Bidebietako kiroldegian astelehenetan gauzatzen dutena.
Veronica Valverde Bera Berako jokalari ohiak gidatzen ditu 8 eta 12 urte arteko neska-mutilei zuzendutako saioak. Donostiako eskubaloi eskola bakarra da Bera Berarena. Hala ere, Bidebieta inguruko ikastetxeetan informazio gehiago banatzen badute ere, Valverdek «ateak Donostia osoko umeentzat irekita» dauzka.
Maiatzean bukatu zuten lehen ikasturtean Bera Bera taldearen beheko mailetara sartu ziren hiru neska jardun ziren. Aurten, horrelakoez gain, beste helburu bat ezarri dute; «mutilezkoen taldea osatu nahi dugu», argitu du Valverdek.
Mutil gutxi gerturatzen da eskubaloian jardutera. Eskolaren arduradunak dioenez, «normalean futbola edo saskibaloia gustuko ez dutenak besterik ez dira etortzen». Neskengan, berriz, errazagoa da kirol honekiko grina sortzea. «Ohorezko Mailan Bera Bera taldea egoteak asko laguntzen du».
Eskubaloia oso «kirol osoa eta orekatua» dela dio eskolaren arduradunak. Hori dela eta, 8 eta 12 urte arteko haurrentzat oso egokitzat jo du, eta gaineratu duenez, «egiten ditugun ariketak zerikusi gehiago dute koordinazioarekin eta abarrekoekin eskubaloiarekin berarekin baino».
Neska mutilek primeran pasatzen dute eskubaloian erabilitako pilota eskutan dutela saltoka eta korrika. Adin tartea lau urtekoa izanik, aldea dago batzuen eta besteen artean, baina horrek ez du arazo handirik sortzen; jarduera honek duen kontaktu kirolaren partea momentuz alboratzen dute. «Kontu handiz ibiltzen gara; gainera, oso arautua dago».
Valverdek behin eta berriro gogorazi du, «nahi duen edozein umek proba dezake eskubaloia gurekin». Horretarako kirol jantziak soinean Bidebietako kiroldegira gerturatzea besterik ez dauka. Hitzordua astero izango da; astelehenetako 18:30etik 19:30era.



