Peñafloridako sekuoiak lekuz aldatuko ditu Udalak
Zuhaitzak ez botatzeko proiektu berria egitea eskatu dio Haritzaldek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari
Udala eta Eusko Jaurlaritza ez dira adostasunera heldu. Honenbestez, Udalak hartuko du Amarako Peñaflorida institutua inguratzen duten zuhaitzetatik hiru sekuoia tokiz aldatzeko ardura. Makinak lanean hasi aurretik premiazko gastu bat bideratuko du Udalak eta enpresa bati aginduko dizkio birlandaketa lanak. Eraikina eraisteari ekin baino lehen, lanak agindu eta zuhaitzak mugitzeko beharko diren egunak errespetatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari.
Zuhaitzek duten balioa aintzat hartuz, abuztuan jarri ziren bi erakundeak hiru sekuoiak, behintzat, salbatzeko harremanetan. Aldiz, akordioa gertu zegoela uste zutenean, Jaurlaritzak atzera egin duela jakinarazi du Udal Gobernuak. Zuhaitzak Jaurlaritzaren lursailetan daudenez, lekualdatzeko gastuak bere gain hartu beharko lituzkeela uste zuen. Erakundearen «sentiberatasun faltak», ordea, aurrea hartzera behartu du Udala.
Gas Fabrika zaharraren aurreko biribilgunea izango da, hortaz, hiru zuhaitzen bizitoki berria.
“Garaitik kanpo”
Hiru ez, 45 dira Peñafloridako eraikinaren inguruan dauden zuhaitzak. Haritzak, lizarrak, magnoliak… Guztiak babestekoak direla ohartarazi du Haritzalde elkarteko Joseba Gurutz de Vicentek. Balio naturalaz gain, balio sentimental handia dutela jakinarazi du Haritzaldekoak, azken hamarkadetan institutuko ikasleek landatutakoak izan baitira. Hori dela eta, Jaurlaritzak jarrera «eredugarri bezain akademikoa» erakutsi beharko lukeela salatu du.
Motozerra hartu eta eraikin berria egiteko zuhaitzak moztea «garaitik kanpo» dagoen jokabidea dela gaineratu du talde ekologistako kideak. Europako hiri eta herri askotan horrelako proiektuak burutzen direnean, inguruan dauden landare eta zuhaitzak aintzat hartu eta egitasmo berrian barneratzen dituztela azaldu du. Motozerra hartu baino lehen, proiektu berria egiteko eskaera egin dio Hezkuntza sailari.
Elkarretaratzea deitu du Haritzaldek ostiralerako, 19:00etan, Peñaflorida institutuan.



