PSEk hondakin organikoen bilketa auzo guztietara zabaldu nahi du
Jatetxe, ikastetxe eta beste hainbat ekoizle handi barneratzeko lanean jarraitzea proposatu dute
Hondakin organikoa biltzeko edukiontziak hiriko altzari arrunt bilakatu dira Amaran nahiz Grosen. Kolore marroiko ontziak auzo gehiagotara zabaltzea nahi dute sozialistek. Hondakin organikoen bilketa hiri osoan zehar zabal dadin, mozio bat aurkeztuko du PSEk hurrengo osoko bilkurarako.
Egun, Amarako 2.500 bat famili eta Groseko 860 senditik gora dira zabor organikoa bereizten dutenak. Auzo gehiagotara zabaldu ez ezik, herritar txartela erabiltzeko aukera ere eskainiko balitz, kopuru horrek gora egingo lukeela aditzera eman dute. Txartelak, gainera, zabor tasa ordaintzerakoan beherapenak eskaintzeko aukera zabaltzen duela erantsi dute.
Familia gehiagorekin batera, zabor organiko ekoizle diren enpresa, jatetxe edo ikastetxeak ekimenean barneratzeko lanean jarraitzeko eskatu dute, halaber. Egun zabor organikoa bereizten dutenen artean, Merkabugati dago. Abuztua bitartean, 144 tona hondakin organiko pilatu dituzte. Ekimenean parte hartzen duten supermerkatu eta erietxeen artean, berriz, 150 tona inguru bereizi dituzte. Kopuruok oraindik ere gora egiten jarrai dezaketela zalantzarik ez dute PSEko kideek.


