Udazkeneko Kriteriumeko lehen etapa etzi jokatuko dute Martutenen
Txapel-Aundi elkarteak du txirrindularitza lehiaren ardura; Aian jokatuko dute bigarren lasterketa, igandean
Txirrindulari gazteenek euren maila erakutsiko dute asteburuan, Udazkeneko XII. Kriteriuma jokatuko baitute, Gipuzkoako Txirrindularitza Elkartearen eskutik . Kriteriuma bi egunetan jokatuko dute, larunbatean eta igandean. Martuteneko Txapel-Aundi elkarteak antolatu du larunbateko lehia, azken urteetan egin bazala. Hala, Txapel-Aundi Saria izango da jokoan egongo dena. Igandekoa, berriz, Urola-Kosta inguruan jokatuko dute, Aian hasi eta bukatuta. Gipuzkoa mailan, lehia garrantzitsuenetakoa da Udazkeneko Kriteriuma, eta txirrindulariek gogoko lasterketa izaten dute. Gainera, profesionalen moduan jokatzen duten lasterketa izaten da, talde bakoitzak bere autoa eramango baitu, bidean laguntzeko.
Partaideei dagokienean, gehienak gipuzkoarrak izango dira, 60 inguru. Tartean, noski, Donosti Berriko kideak egongo dira. Hala ere, Mauleko beste talderen batek ere parte hartzeko asmoa du. Hori bai, partaide guztiak juniorrak edo bigarren urteko kadeteak izango dira. Ingurukoak izan ala ez, ongi prestatutako txirrindulariek parte hartuko dute; ez baitira nolanahiko etapak.
Lehen lasterketa, Martutenen hasi eta bukatuko dena, 71’5 kilometrokoa izango da. Astigarraga, Ergobia eta Oialume igaro, eta Hernanira iritsiko dira partaideak. Hortik berriro itzulerako bidea hartuko dute, Martutenera iritsi arte. Etapa horretan, klubek euren autoak ibilbidean sartzeko aukera izango dute. Autoen hurrenkerari dagokionean, zozketa bidez erabakiko dute. Bigarren etapara ia atsedenik hartu gabe joango dira. Igande goizean jokatuko baitute. Aiako frontoitik atera eta Zarautz, Zumaia eta Getaria zeharkatu ondoren, berriro ere Aian izango dute helmuga, Oriotik igaro ostean. Aiako etapak 84’3 kilometro izango ditu, beraz, bi etapetan 155’8 kilometro izango dira guztira egin beharko dituztenak.
Sariak, taldeka eta bakarka
Etapa bakoitza jokatu ostean, sari banaketa egingo dute, lehiakide onenak saritzeko. Horretarako, etapa bakoitzeko denborak izango dituzte kontuan. Orokorrean, ordea, Udazkeneko Kriteriumeko sailkapena, txirrindulari bakoitzaren bi etapetako denborak batuta osatuko dute. Hala, txirrindulariek helmuga zeharkatzen duten heinean, etapa bakoitzeko sailkapena osatuko dute. Bi partaide edo gehiagoren artean berdinketa egongo balitz, etapa bakoitzean lortutako puntuen arabera argituko dute kontua. Puntu gutxien dituena izango delarik garailea. Izan ere, txirrindulari azkarrenak puntu bat jasoko du, bigarrenak bi puntu, hirugarrenak hiru puntu…. eta horrela hurrenez hurren.
Bestalde, bakarkako sailkapenaz gain, taldekakoa ere osatuko dute. Talde bakoitzean, hiru txirrindulari azkarrenen denborak batuko dituzte. Hala, denbora gutxien batzen duen taldeak irabaziko du.
Lasterketako partaideek larunbateko 15:00ak baino lehen, Txapel-Aundi elkartera azaldu beharko dute; bertan egongo baita behin behineko bulegoa, izen emateak baieztatzeko. Igandeko lasterketako bulegoa, berriz, Aiako kultur etxean jarriko dute; eta izen ematea 9:00ak aurretik egin beharko dute. Hortik aurrera, bakoitzaren abileziak erakutsi beharko dituzte.
Udazkeneko Kriteriuma
- Zer. 2011ko Udazkeneko Kriteriuma.
- Noiz. Irailak 24, larunbata, 16:00etan; eta irailak 25, igandea, 09:00etan.
- Ibilbideak. Lehen etapa: Irteera Martutenen izango du, 27 industrialdeko biribilgunean. Astigarraga igaro eta Hernanira iristean, berriro itzulerako bidea hartuko dute partaideek, Martutenera iritsita. Bigarren etapa: Aiako frontoitik atera eta Zarautz, Zumaia eta Getaria zeharkatu ondoren, berriro Aian izango dute helmuga, Oriotik igarota.
- Luzera. 155,8 kilometro (71’5 km+84’3 km).
- Partaideak. Juniorrak eta bigarren urteko kadeteak.



