Ulian ehiza debekatzea eskatu diote talde ekologistek Aldundiari
Hiriko talde ekologistek bat egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiari ehiza Ulian debeka dezala eskatzeko. Mendizaleen segurtasuna bermatze aldera, 1.989. urtean ehiztarien eremua mugatzeko hitzarmena onartu zen. Hitzarmen hura, ordea, zaharkituta geratu dela uste dute ekologistek eta egungo egoerara egokitzeko beharra plazaratu diote Aldundiari. Vasco de Camping, Haritzalde, Eguzki, Itsas Enara eta Ugatza elkarteek igorri dioten eskutitzaren bidez, Ulia mendian, Donostiako nahiz Pasaiako eremuan ehiza debekatzea eskatu dute.
Igandean hasiko da, hain justu, ehiza denboraldia. Ulia «hiriko parkea» izaki, ehiztariak tiroka aritzea ez dela inondik inora «bateragarria»; eta, aldi berean, «arriskutsua» dela aditzera eman dute ekologistek. Herri Ametsa ikastolan, hala nola, perdigoiak erortzen direla deskribatu du Josema Verdugo Ugatza Ornitologia Elkarteko kideak. Herri Ametsako ikasleentzat ez ezik, Uliatik gora eta behera dabiltzan oinezkoentzat ere arriskutsua izan daitekeela zehatu du. Kostaldeko Santiago Bideak mendia zeharkatzen duenez, atzerritik etorritako oinezkoak «ikaratu» egiten direla gaineratu du.
Ehiztari askok, gainera, finkatutako arauak ez dituztela errespetatzen adierazi du Ugatzako kideak. Ezarritako lekuetatik atera edo ezarritako ordutegiak ez dituztela betetzen azaldu du.