«Eredu esklusibistak» baztertuko dituen partaidetza sustatuko du Udalak
Herri partaidetza eredu berri bat sustraitzeko hazia ereingo du Udalak. «Herritarrak gertuago izateko» bidea zabalduko dutela adierazi du Asier Jaka Partaidetza zinegotziak. Eredu jakin bat ez dutela definituko argitu du; hori bai, «eredu esklusibistak» alde batera utzi eta «parte hartze eraldatzaile» baten alde urratsak emango dituztela zehaztu du.
Herritarrak entzun eta euren errealitatearen berri hurbilduko dira hiriko txoko guztietara. Hamabost auzo eta hiru herritan banatu dute hiria eta guztietara heltzeko bilerak deitu dituzte hurrengo bi hilabeteetarako. Juan Karlos Izagirre alkateak, gainera, auzo eta herri guztietako errealitatea bertatik bertara ezagutu nahi du eta bilera horietara hutsik ez egiteko asmoa du. Antolaketa
Auzo bakoitzaren argazkia osatzeko bileretan herritarren udaletxeko errealitatea ezagutzera emango dute, halaber. Honela, Udalaren politika markoa jakitera eman eta egoera ekonomikoaz jabetzea izango dira datorren astelehenean abiaraziko dituzten bileren helburuetako bi. Herritarrek egingo duten hausnarketa eta proposamen prozesua, gainera, bost ataletan banatu dute: kultura (euskara eta hezkuntza), hirigintza (azpiegiturak eta mugikortasuna), ongizatea (hiri zerbitzuak eta ingurumena), ekonomia (garapen ekonomikoa eta merkataritza) eta partaidetza (herrigintza eta komunikazioa).
Lehenengo bilera horietan auzo bakoitzeko lehentasunak markatuko dituzte. Ondoren, bigarren bilera sorta abiaraziko dute eta orduan proposamen zehatzak egiteko aukera izango dute herritarrek. Proposamenok egin aurretik, halere, auzokideek ideia horiek oinarrizko beharrei erantzuten ote dieten, iraunkorrak diren eta zein neurritan izan daitezkeen eraginkor pentsatu beharko dute. Bigarren batzar saioetan udal sailetako zuzendariekin batera egitasmo horiek mamituko dituzte.
Partzaidetza prozesu honek, hala ere, ez ditu orain arte antolatzen ziren Gizarte Kontseilu eta aholkularitza batzordeak bazterrean utziko. Mantenduko direla ziurtatu du alkateak. Horiek antolatzeko datarik, ordea, ez dute jarri.


