Balentziaga, Outumurok ikusita
Egungo moda argazkilari handi batek alor horretako klasiko baten lanaren inguru egindako interpretazioa jasotzen du Balentziaga Argian eta sakonean erakusketak.
Manuel Outumuroren 60 argazki biltzen dituzte egun hauetan Kutxa Boulevard aretoko hiru erakusketa gelek. Gela bakoitzean gai bat jorratu du argazkilariak. Behekoan lanik koloretsuenak ikus daitezke; erdikoan, ikusgarrienak; eta goikoan, klasikoenak.
Joan den astean ireki zuten erakusketa eta datorren urriaren 16a arte ikusi ahal izango dira Balentziagaren lanak jasotzen dituzten argazkiak. Egunero 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara bisita daiteke publiko arrakasta handia izaten ari den erakusketa.
Hain zuzen ere, bisitariak liluratuta gelditzen dira, bai formatu handiko argazkiek erakusten dituzten jantziekin, baita argazkiekin ere. Bisitarietako batek esandakoaren arabera, «Balentziagaren soinekoak atenporalak eta ederrak dira; baina, argazkiek hauek sentsazio hori primeran harrapatu dute».
Balentziagaren ibilbide luzeari errepasoa egin dio Outumuro argazkilariak 60 erretratuetan; hau da, 1935etik 1968 modeloak jaso ditu irudietan. Modu horretan Getariko jostunak Paris zein Donostiako tailerretan egindako lanen laginak ikusiko ditu bisitariak.
Outumurok, baina, jantzi osoak ez ezik, Balentziagaren lana ahalik eta hobekien islatzeko ere hainbat detailetan jarri du bere argazki kamararen arreta; Balentziaga handia izatera iritsi zen detaileetan ez zuelako hutsik egin.



