Donostiarrak agurtu ditu Frantziako divak
Donostiarrak agurtu ditu Frantziako divak
Hainbat atzerapenen ondoren, Catherine Deneuve atzo eguerdian heldu zen Maria Cristina hotelera
Publikoak, Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta eguraldi onak egin zioten harrera Catherine Deneuve aktoreari Maria Cristina hotelaren atarian. Antzezle frantziarra hirira etorri zen Jacques Demy zinemagileari eskainitako atzera begirakoa dela-eta.
Catherine Deneuveren bisita hainbat alditan atzeratu da Zinemaldiaren aurtengo ekitaldian, eta, atzo iritsi zen prentsa eta zaleak zain zituela.
Miarritzeko aireportua baliatuta iritsi zen Euskal Herrira, eta bertatik errepidez heldu zen Zinemaldiaren gune nagusietakoa den Urumea ondoko hotelera. Aurrerapen horiek guztiak bolo-bolo zebiltzan bertaraturiko zaleen artean. Publikoa eta argazkilariak zain zituen eguerdiko ordubietatik, hiruretan iristekoa bazen ere, aktoreak sorturiko ikusminaren ondorioz. Deneuve autotik jaistean agur azkarra egin zien bertaratutakoei, Rebordinosekin batera hotelera sartu baino lehen.
Donostia Saria
1995ean eskuratu zuen Donostiako Zinemaldiaren sari nagusia, 43. ekitaldian. Urte berean ere beste emakume eta aktore batek jaso zuen sari bera, Susan Sarandonek.
Luis Buñuel, Roman Polanski eta Francois Truffaut zinemagileen musa izan da. Frantziako zinemagintzaren diva Jacques Demy zuzendariaren Les parapluies de Cherbourg (1964) filmeko protagonista izan zen. Musikal erromantiko horrek Canneseko zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria irabazi zuen, eta atzerriko film onenaren Oscar saria eskuratzeko proposatu zuten. Deneuvek, gerora, Demyren beste bi film ospetsuagotan lan egin zuen; hain zuzen ere, Les Demoiselles de Rochefort (1967) eta Peau d’ane (1970) lanetan.



