Ez zuen gertatu behar
Benito Zambrano zuzendariak 1936ko gerraren ondoren girotutako ‘La voz dormida’ filma aurkeztu du Sail Ofizialean
Solas (1999) filmarekin egin zuen debuta zineman Benito Zambranok (Lebrija, 1962). Ezusteko handia izan zen Espainiako zinemagintzan, lehendabiziko obra harekin nazioarteko hainbat jaialdi- tako sariak eskuratu baitzituen. Habana Blues (2005) filma ere zuzendu du.
Atzo La voz dormida aurkeztu zuen Sail Ofizialean. Dulce Chaconen izen bereko eleberrian oinarritutako filma da. 1936ko gerraren ondorengo urteetara egin du bidaia egileak Hortensiaren istorioa kontatzeko. Madrilen, 1940an girotuta dago. Klandestinitatean Francoren aurka borrokatzen ari da bere senarra. Hura laguntzen saiatzen da, baina preso hartzen dute. Haurdun dago gainera. Heriotz zigorra ezarriko diote; eta haurra jaio arte kondenaren zain izango da kartzelan. Bere ahizpa, Pepita, Kordobatik joango da Madrilera hura laguntzera. Egunero joango da espetxera ahizpari bisita egiteko. Haren senarrari laguntzeko eskatuko dio Hortensiak, eta polizia frankistak jazarri egingo du Pepita, mendian ezkutatutako makiekin kolaboratzeagatik.
Benito Zambrano zuzendaria filmeko aktoreekin agertu zen atzo filmaren prentsaurrekora; Inma Cuesta, Maria Leon, Marc Clotet eta Daniel Holguinekin. Lan honetan, gainera, bi aktore donostiarrek parte hartu dute, Teresa Calok eta Amaia Lizarralde. Biak ala biak istorioaren bi bigarren pertsonaien larruan sartu dira.
Prentsa aurrean zenbait kazetarik Espainiako zinemagintzan 1936ko gerrari buruzko makina bat film daudela esan diote, eta berak gaia zergatik aukeratu duen galdetu diote: «Istorio onak kontatu behar dira; zein garaitan kokatzen dituzun gutxienekoa da», erantzun du Zambranok. «1936ko gerrak ez zuen gertatu behar. Dulce Chaconen eleberriak film hau egiteko bidea erakutsi zidan. Aspalditik nuen ideia hau buruan, eta testu haiek hunkitu egin ninduten», jarraitu du.
Berriz ere historia ez errepikatzeko memoria historikoa berreskuratu behar dela adierazi du: «1940. urtean 500.000 preso zeuden Espainiako espetxeetan. Egoera beldurgarri hura kontatu behar nuela sentitzen nuen. Haien lekkotzak jaso eta haien sufrimendua jaso dugu», azaldu du zuzendariak. Filmean tortura ere agertzen da, eta kazetari batek irudi horiek beharbada soberan daudela iradoki du. «Garai hartan preso egondako emakumeekin hitz egin dugu. Espetxean sufritutakoa kontatu digute, eta 200.000 film egitarekin ere ez da nahiko haien guztien memoria ohoratzeko», erantzun dio Inma Cuesta aktoreak.
Michael Fassbender, motoan
Steve McQueen zuzendariaren azken pelikula aurkeztera etorri zen motoan astearte gauean Michael Fassbender (300, 2006) aktorea. Shame filmeko protagonista da; Zabaltegi-Perlak sailean proiektatu dute. McQueenek Urrezko Kamera eskuratu zuen Hunger filmarekin. Bigarren honetan Fassbender-ek bere bizitza sexuala kontrolatzeko gai ez den New Yorkeko gazte baten pertsonaian sartu da.
Haur baten sekretua
Wang Xiaoshuai zuzendari txinatarraren 11 flowers eta Joao Canijo portugaldarraren Sangue do meu sangue ere filma ere aurkeztu zuten atzo Sail Ofizialean. 11 Flowers Beijing Bicycle filmaren egilea da, Mao Zedong hil aurreko urteetan girotua. Wang Han 11 urteko mutikoa da protagonista. Hilketa bat leporatu diote gizon batekin topo egingo du aurrez aurre basoan. Ihesi doa ustezko gaizkilea. Mutikoak eta haren lagunek ez dakite zer egin. Poliziari kontatuko diote ikusitakoa?
Auzp bateko pertsonaien arteko harremanak dira Sangue do meu sangue filmaren muina. Marcia ezkongabea da, bi seme-alaba ditu eta sukaldari gisa lan egiten du. Lisboako aldirietako auzo batean bizi da bere ahizparekin.
Nach rap abeslariak kontzertua emango du ‘Verbo’ filmaren ondoren
Gaur, 20:00etan, proiektatuko dute Belodromoan Eduardo Chapero-Jacksonen lehendabiziko lana
Eduardo Chapero-Jacksonek bere lehendabiziko filma aurkeztuko du gaur Belodromoan: Verbo. Fantasiak eta rap musikak bat egin dute lan honetan. Mundu birtualean murgildutako gazte baten istorioa kontatu du egileak. Sara izeneko nerabea da istorio honetako protagonista, XXI. mendeko heroi lotsati eta gaztea. Munduan begiek erakusten dutena baino zerbait gehiago dagoela uste du. Ezkutatuta dagoen mundu horren bila hasiko da. Dimentsio arriskutsu eta beldurgarri batean murgilduko da. Alba Garcia aktorea sartu da protagonistaren larruan. Miguel Angel Silvestre, Veronica Echegui eta Najwa Nimri aktoreek ere parte hartu dute Eduardo Chapero-Jacksonen lehen film luzean.
Filmean Espainiako Nach rapeatzaile ezaguna agertzen da. Abesti bat interpretatzen du zuzenean. Soinu bandan ere parte hartu du. Horregatik, proiekzioaren ondoren kontzertu bat antolatu dute Belodromoan bertan. Beraz, gaur, 20:00etan, Verbo filma ikusten dutenek, Nach-en zuzeneko emanaldiaz ere gozatuko dute.



