"Istorio bat kontatzeko beste modu bat da; irudiekin gozatzeko lana da"
Loreto Mauleon – Aktorea
Imanol Rayo zuzendariak Zinemaldian estreinatu duen ‘Bi anai’ filmeko protagonistetako bat da antzezle donostiarra. Telebistan, ‘Goenkale’ telesailaren kapitulu berrietan jarraituko du.
‘La maquina de pintar nubes’ (2009) filmean lortu zuen lehen papera. Zinematik telebistara egin zuen salto, ‘Goenkale’ telesailera. Eta orain, bi urteren ondoren, Loreto Mauleon (Gros, 1988) berriz ere pantaila handira itzuli da, Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako ‘Bi anai’ filmarekin. Zinemira sailean estreinatu dute Imanol Rayoren opera prima. Azaroaren 4an iritsiko da zinema areto komertzialetara.
Zinemaldian, euskal zinemaren galan ikusi duzu lehen aldiz filma. Zer iruditu zaizu?
Ezustekoa hartu nuen; ezusteko ona. Autokritika gutxi egingo nuela zin egin nion neure buruari: ‘Kritikatuko dut neure burua beste egun batean’, pentsatu nuen. Eta disfrutatu egin nuen, gustatu zitzaidan. Mantsoa da, hasiera batez ere. Ikusleei behar bada zaila gertatuko zaie hasieran. Egun, gauzak eginda eta akzio askorekin ematen baitira; ikusleek gutxi pentsatzeko. Film honetan hain zuzen, alderantziz gertatzen da. Mantsoa da, ezer ez dela gertatzen dirudi, baina gauza asko gertatzen dira. Aukera bat ematen badiozu, film desberdin bat ikusiko duzu. Istorio bat kontatzeko beste modu bat da; lasai ikusi eta irudiekin gozatzeko lana da. Argazkigintza zuzendaria zoriondu genuen guztiok, lan ederra egin baitu. Gustura nago zuzendaria ere gustura dagoelako emaitzarekin. Kritikak kritikak dira, baina bera pozik badago, aurrera.
Bernardo Atxagaren eleberria du oinarrian. Ezagutzen al zenuen?
Ikastolan irakurri nuela uste dut. Istorioa ez nuen ondo gogoratzen, eta berriro erosi nuen liburua. Gidoiak, halere, ez du horrenbesteko antza liburuarekin. Liburuan animaliek kontatzen dute istorioa. Eta filma ez da horrelakoa.
Serbitzu Zinemira Saria eskuratu duzue.
Saria lortzea polita izan da. Filmak aurrera egiteko eta bultzada emateko balioko du, diru-laguntza bat baita.
‘Bi anai’ filmean lan egitea pauso handia izan al da?
Aldaketa izan da, bai. ‘La Maquina de pintar nubes’ nire lehendabiziko lana izan zen zineman. Paper txiki bat nuen. Orain arte egin dudanarekin alderatuta, oso desberdina izan da proiektu hau, eta horregatik izan da hau pauso garrantzitsua. Normalean aktore bati paper bat ematen diote, eta gu saiatzen gara gero eta sinesgarriagoak izaten. Hemen gure intentzio horiek guztiak kendu eta lauak izan behar genuen. Aktore bati esaiozu plano esateko gauza bat… Iruditzen zaio senak esaten dionaren kontra egiten ari dela. Oso zaila izan zen lana. Zuk bizitzan ere esaldiak ez dituzu esaten intentzio eta esfortzu gabe. Esfortzua bikoitza izan da, baina espero dugu Rayok eskatutakoa lortu izana.
Nolakoa da zure pertsonaia?
Nire pertsonaia Teresa da. Paulo eta Daniel anaiekin batera eta Karmenekin dabil herrian. Teresak Paulo du gustuko, eta aldi berean, Teresa Danielen obsesio bihurtu da. Neskekin du, orohar, obsesioa, eta kasu honetan, Teresarekin. Bingen Elortzak egiten du Paulorena. Bitxia da ‘La maquina de pintar nubes’ filmean ere Bingen Elortzarekin egin nuen lan. Lan horretan ere zerbait zegoen gure artean. Orduan bera zebilen nire atzetik; oraingoan, ordea, alderantziz gertatzen da. Barregarria izan zen guretzat.
Bingen Elortza bezala, Zurriola antzerki eskolan hasi zinen ikasten.
Bai, txikitatik ezagutzen dugu elkar. Beti gustatu zaizkit dantza eta antzerkia. Ama esan eta esan ari zitzaidan zinemara joateko, berak asko disfrutatzen zuelako, baina ni agian nire logelan geratzen nintzen abesten. Pixkanaka film gehiago eta gehiago ikusten hasi nintzen; eta orain asko gustatzen zait. Irakurzaletasunarekin ere gauza bera gertatzen da. Ikastolan ez zaizu irakurtzea gustatzen, baina liburu egokia ematen badizute ba… Ondoren bikoizketa egiten hasi nintzen, eta pixkanaka zaletzen hasi nintzen. Bikoizketaren bidez hasi nintzen aktore lanetan. Bikoizketa lana aktore frustratuen lana dela entzun izan dut, baina alderantziz dela uste dut. Aktoreentzako oso lan zaila da. Ahotsa jarri behar diozu beste pertsonaia bati, eta sinesgarria izan behar du. Binahi kasting agentzian hasi nintzen.
Eta zinemak eman zizun lehen aukera.
Bai, ‘La maquina de pintar nubes’ egin nuenean pentsatu nuen, ‘aktore izatea gustatzen zait’. Beti gustatu izan zait aktore izatearen ideia, baina soilik ametsa izango zela uste nuen. Nik beti uste nuen lizentziatura bat egingo nuela. Arkitektura adibidez. Baina nire ikasketak ez nituen gustuko. Hain polita ikusten duzu aktore izatearena… Lan bat ezin dela izan pentsatzen duzu. Baina lan bat da, jakina. Nire amak nahiko argi ikusten zuen, ez zitzaion arraroa egiten ni aktore izatea. Aitortu egin zidan txikitan ere aktore lana asko gustatzen zitzaiola, baina beti lotsak gainditu duela, eta ez duela inoiz ezer egin. Niri bizitzak bigarren aukera bat eman zidan. Eta hartu egin nuen, eskerrak. Argi ikusten dut orain aktore izan nahi dudala, eta nire bizimodua izatea nahi dut; proiektuak ditudan bitartean behintzat… Ez dakit noiz arte iraungo duen, ezta zenbat geldiune izango diren.
Zinemaldian filmeren bat ikusi al duzu?
Kim Ki Duk-en ‘Amen’ ikusi dut. Uste dut filma gustatu zaion pertsona bakarretakoa naizela… Sarah Polleyren ‘Take this waltz’ ere asko gustatu zait. Negar pixka bat ere egin nuen, baditu-eta une triste batzuk. Mario Onaindiari buruzko ‘El precio de la libertad’ ere ikusi dut zenbait lagunek parte hartu dutelako. Scorsesek George Harrisonen inguruan egindako filma ere ikusi dut. Luzea da, baina ni oso Beatles zalea naiz. Baita ‘Extraterreste’ ere, Nacho Vigalondorena. Barregarria da. Gainera diru gutxirekin filmatu dute eta txalotzekoa da horrelako lana egin izana.
‘Goenkale’-n ere lan egiten duzu.
Bai datorren astean laugarren denboraldia hasiko da. Joanaren pertsonaiaren papera jokatzen dut. Martxelo Rubio eta Tesa Andonegi aktoreak dira fikzioan nire gurasoak; eta Kandido Uranga, nire aitona. Kandidorekin gainera Bi anai-n ere lan egin dut berarekin. Goenkalek ez dizu zinemak bezala pertsonaia bat lantzeko denbora asko ematen. Baina erritmo azkarra du, eta asko ikasten duzu; kamera aurreko lana, batez ere. Hori gainera ez dizute inon irakasten. ‘Goenkale’, finean, gure eskola da.



