Txanogorritxuk udazkeneko agenda dakar saskitxoan
Basoaz aspertu da eta hiriko kale estu eta ilunetatik ibiltzen ikasi du Txanogorritxuk. Kalerik kale dabilela, Egiako parkea non dagoen aurkitu eta Ingurumen Baliabideen Etxerako bidea buruz daki jada. Hala, Cristina Enea Fundazioak osatu duen udazkeneko agenda jaso, eta hilabeteotarako prestatu dituzten ekimenetara hutsik egingo ez duela adierazi du. Amona eta ama ere jardueretan parte hartzeko konbentzitu ditu.
Ama eta amonarekin egin duen bezala, gainontzeko herritarrei luzatu die jarduera sortan parte hartzeko gonbita. Non aukeratzeko badagoelako agendan. Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak adierazi bezala, «mamitsua» da udazkeneko agenda.
Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean ikusgai dagoen erakusketa batek, hain justu, Txanogorritxu du protagonista. Bera bezalako haurrek hirian ibiltzeko dituzten oztopo eta zailtasunak nabarmendu ditu. «Inoiz ez doaz bakarrik eta askotan autoz»; hori dela-eta, inguruko xehetasun ugari galtzen dituztela ohartarazi du ipuinetako erreginak.
Txanogorritxu bakarrik dabil erakusketak urriaren 31n itxiko ditu ateak. Ordurako zabalik egongo da ikastetxe haurrei begira prestatu duten Kontsumo Arduratsuaren Gela. Azaroaren 4ean, berriz, ingurumena artea eta teknologia uztartuta nola hobe daitekeen azalduko duen erakusketa zabalduko dute. LandArea erakusketarekin lotuta, bi hitzaldi antolatuko dituzte azaroaren 17an eta 18an.
Hitzaldi eta proiekzio sorta, ordea, askoz ere zabalagoa izango da. Abenduan, esaterako, Erreala proiektatu. Arkitektura: lengoaia filmikoak egitasmoaren hirugarren edizioa ospatuko dute. Arkitektura eta gerra gai nagusi izango dituen ekimena berria den eszenatokian garatuko da, San Telmo museoan.
Cosima Dannoritzer
Eguberrien atarian, bada, Cosima Dannoritzer joango da udaletxera. Abenduaren 20an emango duen hitzaldia aurrekoa bezain arrakastatsua izatea espero dute, etorri zen azken aldian ikusmin handia eragin baitzuen. Asier Jaka Ingurumen zinegotziarengan arreta handia piztu du Dannoritzerren Erosi, bota, erosi dokumentalak. «Urtean sakelekoa behin bakarrik aldatuko bagenu, Europan 9 milioi tona hondakin murriztuko liratekeela», aditzera eman du Jakak. Gabonetan kontsumo itogarritik ihes egin nahi dutenek hainbat aholku entzuteko aukera izango dute udalbatzarretako aretoko hitzaldian.
Abendura arte itxaron gabe, bidaizaleak txundituta utz ditzakeen hitzaldia eskainiko dute udaletxean Mikel Bringas eta Rosa Lizasok. Bizikleta gainean Zelanda Berritik egindako bidaia azalduko dute, urriaren 6an, 19:00etan.
Udazkenean zehar, hainbat ikastarotan izen emateko aukera ere egongo da. Arkitekturaren inguruko graduondokoez gain, neguko lore eta baratzak osatzeko trikimailuak erakutsiko dituzte baita baratze digital bat osatzeko pausoak ere.
