"Berriz hezitako pertsona ezkorra naiz"
Adimen emozionala norbere sentimenduak identifikatzeko gaitasuna da. Horretarako, ordea, emozioei entzuten jakin behar da. Barneko ahotsaren hizkuntza ulertzeko bidea erakusten du Gurrutxaga.
Aspalditik Grosen bizi den Karmele Gurrutxaga psikologoak (Azpeitia, 1972) lau urte daramatza adimen emozionala lantzeko taldeak gidatzen. Elkarrekin egon arren, kide bakoitzak bere burua lantzen du, bere sentimenduak ulertzeko. Euskara hutsez eskaintzen dituen saioetan ikas daitekeenari buruz mintzatuko da bihar, 19:30ean, Groseko Ur dendan.
Adimen emozionalaren moda al dago?
1995ean Daniel Golemanek argitaratutako best-sellerrari esker ezagutu dugu gehien bat. Liburu hori beste autore batzuek egindako lanari esker argitaratu zuen. Hauek ohartu ziren tradizionalki adimena zena, gaitasun kognitiboa baino gehiago dela. Emozioek bidalitako seinaleak eta keinuak, pentsamenduarekin harremanetan jartzea da. Biak elkarri lotuak daude, eta adimen emozionala, biak harremanetan jartzearen apustua da. Moda baino, ia toki guztietan emozioa presente dagoela agerian gelditu da. Erabaki oso arrazionala hartu nahi dugunean, oso ondo argudiatu arren, kezka sortzen badigu, agian, ez dugu hartuko.
Emozioak alde batera uzten al ditugu ulertzen ez ditugulako?
Ulertzeko, lehenik, entzun egin behar dira; eta, askotan, ez dugu egiten. Inori ez baitzaigu gustatzen gaizki sentitzea, egonezina izatea edo sufritzea. Hortik ihes egiten saiatzen gara edo arrazonamendura pasatzen. Ondoezari kasu egin ordez, gure burua engainatu edo besteari egoeraren erantzukizuna egozten diogu. Aurre egiten saiatzen bagara, ulertzeko aukera gehiago izango dugu. Horrela, antzeko egoera batean gure sentimenduak entzun eta nola jokatu erabaki ahalko dugu.
Nola egin daiteke hori?
Denok noizbait gure sentimenduak entzuten ditugu. Badakigu egiten, baina egia da batzuetan hala ez dirudiela; batez ere, ezerosoak zaizkigun egoeretan edo gure burua kili-kolo sentitzen dugunean. Lehen gakoa, gorputzean sentitzen ditugun seinaleak dira; emozio bat esanguratsua bada, sentsazioren bat utziko dit gorputzean. Horrekin batera, datozkigun pentsamenduak jarraitzea, pistak ematen baitizkigute. Oztopoa, gorputzari kasu egiteko ohiturarik ez dugula da. Horretarako, noizean behin, gure buruaz jabetu behar dugu, nola gauden galdetu. Horrela, gorputzarekiko sintonizazioa, lotura, ezarriko dugu, eta harreta orokortu egingo da.
Honek zertan alda dezake gure bizimodua?
Garaiz aurre hartu eta erantzun ez automatikoak emateko balio du. Alda dezakeguna aldatzeko, eta aldatu ezin duguna onartzeko. Egin beharreko bidea ezatsegina izan arren, nola egin erabakitzeko aukera ematen digu. Zailak egiten zaizkigun egoeretan eta besteekiko harremanetan nola jardun jakiteko gaitasuna da. Ezagutzen ez duguna nekez kudeatuko dugu, eta kontrolatu nahi izanez gero, lehenik, dagoenaz jabetu behar dugu.
Zein baliabide edo gaitasun dugu horretarako?
Denok ditugu gaitasunak, baina zenbat eta barne-aztertzerako jarrera gehiago izan, horrekin zerbait egiteko aukera gehiago izango duzu. Horiek erabiltzen jakin behar da, bestela sufrimendua besterik ez baitu eragiten. Tamalez, hezkuntzan ez da gehiegi landu, beste balore batzuk nabarmendu dira; bereziki, gizonezkoengan. Hori aldatzen ari da, eta adimen emozionalarekiko interesa badago.
Gure hitzek gure pentsamenduak islatzen al dituzte?
Pentsatu eta esaten dugunaren arabera bizi gara normalean; gure hitzak guren bizimoduarekin bat joan ohi dira. Pentsamenduak, hitzak, emozioak, ekintzak eta bizitzak guk nahi dugun lerrora zenbat eta bideratuago joan, harmonia gehiago dugu. Denborarekin gure pentsamenduak gure hitzak bilakatzen dira, eta gure hitzak gure ekintzak. Batzuetan pentsatzen edo sentitzen ez duguna esaten diegu besteei, eta argi dago, gure buruari boikota egiten diogula. Bestalde, gure burua zaintzeaz arduratu behar gara, entzun nahi duguna, on egiten diguna, merezi duguna esanez. Besteek diotenak min ematen badigu, guk gure buruari esandakoa are okerragoa da.
Pentsamenduak aldatuta sentimenduak alda ditzakegu?
Gaizki sentiarazi gaituzten gauzetan pentsatzen badugu, gaizki sentituko gara. Hori hala bada, kontrakoa egiteko aukera ere badugu. Lotura horrek zirrara sortzen dit, itxaropena ematen baitit. Gure buruarekin bat datozen pentsamenduak sortzen eta indartzen joanez gero, itxaropena eta emozio baikorrak eragin daitezke.
Ezkorrak direnei gehiago kostatzen zaie, beraz?
Askoz zailago zaie. Gure pentsamenduek, beraiekin bat datozen egoerak bilatzen dituzte. Oso zaila da gauzak ondo irtengo direla sinestaraztea; jarrera berriak sortzeko norberak posible dela pentsatu behar baitu. Ezkortasunak erantzun automatiko batera bagaramatza ere, gelditu eta zein bide jarraitu aukeratzea gure esku dago. Berriz hezitako pertsona ezkorra naiz. Egoera edozein dela ere gure itxaropena eta indarra beti zer egin badela izan behar da; gutxienez, gure egoerak okerrera ez egitea. Gelditu, egiten ari garenaz jabetu, eta zein bide jarraitu nahi dugun erabaki behar dugu, min egiten diguna hartu gabe.

