Gipuzkoako federatuentzako eta profesionalentzako lehia bana
Gros Xake taldeak bi txapelketa berri antolatu ditu bere egoitzan, babesleen laguntzari esker
Gros Xake Taldeak gogoko du txapelketak antolatzea, bertako xakelariei ikasten jarraitzeko aukera hobea ematen baitie. Babesleak lortu izanari esker, bi txapelketa berri jokatuko dituzte klubaren Anoetako egoitzan. Lehenengoa, Gipuzkoako xakelari federatuei zuzendua dago, eta bihar bertan da hastekoa: Koolton Sari Nagusia. Bigarrena, berriz, profesionalentzako sortu dute, eta abenduan jokatuko dute. Bi txapelketen berri eman dio Fernando Markina Gros Xake Taldeko kideak Irutxuloko Hitzari.
Groseko xakelari asko asteazkenetan elkartzen dira elkarren aurka partidak jokatzeko. Txapelketa moduan antolatu izan dute, baina saririk gabe. Orain, babeslea lortu izanari esker, sariak egongo dira lehenego bost sailkatuentzako; 120 eurotik 20 eurora artean. «Asteazkeneroko txapelketan diru saria jartzen bagenuen, maila handiagoko federatuek parte hartuko zutela pentsatu genuen. Hala, klubeko gazteek euren maila hobetzea lortuko dute», dio Markinak. Ideia horretatik abiatuta sortu da Koolton Txapelketa, eta bertan 25 xakelari inguru lehiatzea espero dute arduradunek. «Diru saria amua izango da partaideentzat, eta bizitasuna emango dio txapelketari». Hala ere, hiriko eta inguruko partaideak baino ez dituzte espero, astegunetan jokatuko baitute. Partaideen adinari dagokionean, gainera, tarte zabal bateko xakelariak espero ditute. «Badakit zazpi urteko haur batek jokatuko duela, baita 70 urte inguruko besteren batek ere. Horiek dira asteazkenero jokatzen dutenak». Hala ere, ohiko jokalariez gain, etorriko diren partaide berriak 30 urte ingurukoak izango direla dio Markinak.
Datozen hilabeteak xakelarientzat nahiko gogorrak izango direla dio Markinak. «Urrian bakarkako txapelketekin hasiko dira Preferenteko lehenengo mailatik higugarrenera bitartekoak. Bapatean, partida asko batuko zaizkie, pixka bat gogorra egingo zaie». Bestetik, partidek izango duten erritmoa kontuan izanda, gehienez bi ordukoak izatea espero dute.
Aulki mugikorren gainean
Klubeko jokalari ohi bati esker, abenduan beste txapelketa bat antolatzeko dirua bildu dute. Profesionalentzako txapelketa izango da, abenduaren 28tik urtarrilaren 6ra, egunero. «Badakigu data txarrak direla, baina goi mailako xakelariak etortzea espero dugu; munduko txapeldun izandakoetako batzuk eta maisu handiak». Edonola, berezitasunik handiena partidak jokatzeko modua izango dela azpimarratu du Markinak. Izan ere, bi xake tauletan jokatuko ditu partidak jokalari bakoitzak, aldi berean; batean pieza zuriekin, eta bestean, beltzekin. «Aurkari diren bikoteek bi tauletan jokatuko dute, eta bietan denbora martxan izango dute». Partaideen azkartasuna garrantzitsua izango dela kontuan izanda, material berria erosi behar izan dute klubeko kideek. «Gurpil txikiko aulki mugikorrak erosi behar izan ditugu, partaideak mahai batetik bestera azkarrago mugitzeko».
Berezitasun horretaz gain, beste bat ere egongo da. Izan ere, txapelketa hiru mailetan banatua egongo denez, goi mailetatik kanporatuta geratzen denak beheko mailetara jaisteko aukera izango du. Hori bai, mailaz jaisten denarentzat, hurrengo aurkaria puntu gehien dituen hori izango da. «Babesleak jarritako baldintza izan da. Informatika programetan hori guztia antolatzeko oso zaila da, baina dagoeneko konpondu dute».
Maisu handi asko kanpotik etorriko diren arren, klubekoek ere ez dute hutsik egingo. Hala, besteak beste, Iñigo Argandoña donostiarra eta Santi Gonzalez bilbotarra arituko dira txapelketako gorengo mailan. Beheko mailetan ere etxeko xakelariek jokatuko dute.
Gros Xake Taldea
koolton sari nagusia:
Noiz. Irailak 28; urriak 5, 19 eta 26; eta azaroak 2, 9 eta 16. 19:00etan.
Non. Gros Xake Taldearen Anoetako egoitzan.
Partaideak. Gipuzkoako 20-25 xakelari inguru espero dituzte, gazte zein helduak.
Sari banaketa. Azaroaren 16an, 21:00etan.
Abenduko txapelketa:
Noiz. Abenduaren 28tik urtarrilaren 6ra.
Non. Gros Xake Taldearen Anoetako egoitzan.
Partaideak. Xakelari profesionalak. Gros Xake Taldeko Iñigo Argandoña eta Santi Gonzalezek parte hartuko dute, besteak beste.

