Emakumeek kontatuko dute 1936ko gerra
Maialen Lujanbio bertsolaria; Oinkari dantza taldeko Laura Martin; Amaia Zubiria; Ainere Tolosa, Sara Cozar, eta Naiara Arnedo aktoreak… Bertsoek, zuzeneko musikak, kantuek, antzezkiak eta dantzak osatutako ikuskizun berezia aurkeztuko du Amantala kultur elkarteak Viktoria Eugenia Antzokian, urriaren 7an, 20:00etan: ‘Amantalen ahotsa’.
Joan zen uztailean 75 bete ziren 1936ko gerra hasi zenetik. Urtemuga baliatuta urte haietako historia berreskuratu nahi izan dute. Emakumeen begietatik egingo dute, haien bizipenetatik abiatuta.
Emanaldiaren ardatza gerra garaia bizitako emakumeen testigantzak izango dira: «Izan ere, gerra garaiko pasadizoak gizonezkoek kontatu dituzte orain arte, borrokan parte hartu zutenek. Emakumea familiaren euskarria izan zen; halere, haren minak eta ahaleginak ezkutuan geratu direlakoan gaude». Emakumeek etxean, lanean eta kalean bizi izan zutena jasoko dute: «Haien pozak, nekeak eta buruhausteak. Gerra garaian eta ondoren».
Gerrako kontuak ez ezik, gizarteko alor guztiak jorratuko dituzte: etxeko ohiturak, laneko gora beherak, kaleko giroa, erlijioaren indarra… Batzuetan gordin, beste batzuetan umoretsu. «Gipuzkoako eskualde guztietako emakumeen ahotsak hartuko ditugu aintzat; sukaldetik plazara aterako ditugu. Gure amonei eman nahi diegu hitza, eta soka horri helduta, zerbait berria eta modernoa sortu. Horretarako bildu ditugu ikuskizunean kultur arloko hainbat pertsona».
Sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 12 eurotan. Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Kutxaren ohiko zerbitzuen bidez eskuratu ahal izango dira 11:30etik aurrera.