"Beldurrez hurbildu nintzen, baina gero asko gozatu dut"
Orbetarren trilogia eta gero, Nafarroako balizko herri batean kokaturiko historia kontatu du altzatarrak
‘Ur arreak, ur garbiak’ izena du Joan Mari Irigoienen (Altza, 1948) nobela berriak. 1936ko gerran girotutako kontakizuna idatzi du. Atzean utzi du jada Orbetarrei eskainiko trilogia luzea. Hiru liburu horiekin alderatuta, argitalpen txikia da; baina luzea, halere, hirurehun orrialde idatzi baititu. «Asko sufritu nuen trilogiarekin. Esperientzia nekagarria izan zen, baina gustura geratu nintzen», aitortu du idazle altzatarrak.
Oraingoan ‘Euskaldunon Egunkaria’-n aspaldi idatzitako ipuin bat hartu du abiapuntu gisa: «Nik asmatutako Urgain izeneko herri batean kokatuta dago. Inguruan eraikitako urtegiko urek hondoratuko dute; Francok gerra irabazi eta handik urte batzuetara. Nafarroako herri bat da, baina ez da Esa, ezta Itoitz ere». Izan ere, kontakizunaren behar literarioen arabera apurka-apurka sortutako balizko herria da: «Urgain herriaren izena bera ere egokia zen istorioa osatzeko, izenak dioen bezala urak gaina egiten dion herria baita».
Ipuin hura eleberri baten hazia izan zitekeela konturatu zen: «Bukatu nuenean, Elkarreko Xabier Mendigureni eman nion, eta kopla handirik gabe esan zidan eskasa zela». Irigoienek, ordea, nobela «eskas» hark liburu on baten edo nobela baleko baten oinarria zuela uste zuen, eta ez zuen etsi: «Erabakirik onena hartu nuen; tiraderan sartu, eta itxaron».
Hamar urteren ondoren berreskuratu du: «Hartu eta berehala konturatu nintzen non zegoen arazo nagusia; egituran, hain zuzen. Beldurrez hurbildu nintzen, baina gero asko gozatu dut. Hiru plano bereizi nituen hasiera batean. Nahaste-borraste hari irtenbidea emateko herriko erretiratu kuadrila bat sartu nuen. Urgaingo drama bizi zuen lagun talde bat. Orainean mintzo dira, baina oroimena ez dute galdu, eta etengabe ekartzen dituzte gogora iragana».
Leon Irazoiz-ek, kuadrila horretako erretiratu batek ere hartzen du ahotsa eleberrian; eta hark «batzuek herriko tontotzat duten» Saturren bizitza kontatzen du. Aldaketa egin ondoren arnasa hartu zuela aitortu du: «banekielako asmatuko nuela».
Eta zergatik aukeratu du Nafarroako herri bat? Haren osaba Mañuel Ezkaba mendian hil zuten frankistek: «Libre zegoela esan zioten, eta gero akatu egin zuten. Bizitza osoan ibili da itzal hori neure buruan, modu batean edo bestean».
Nafarroako balizko herri bat sortu du, errealitatearekin oso lotuta dagoena, ordea: «Horregatik erakutsi ditut bere krudeltasunean pasarte batzuk 1936ko gerrari eta gerraosteari lotutakoak».
Memoria historikoa berreskuratzearen alde hitz egin du Irigoienek liburuaren aurkezpenean: «Azken urteotan memoria historikoaren aferarekin injustizia asko dagoela iruditzen zait. Ikusten dut Nafarroa eta Espainiaren arteko mendeetako era bateko edo besteko gerran garaileei guztia barkatzen zaiela. Non daude nire osabaren garbiketaren arduradunak?».
Baserri mundua deskribatu du eleberri berrian, 1920 eta 1960 urte bitartean gertatutako historia; mundu zahar bat eta haren galera. Antzina herri bizi izandakoa, aurrerabidearen eta diru gosearen lege makurrak urtegi bihurtuko du Urgain: «Aldiz, ‘Babilonia’ liburuan erakutsi nuen munduarekin badira aldeak. Bukaera ere desberdina da. ‘Babilonia’-n suak hartzen du baserria, eta nobela honetan urtegiko urak azpiratzen dute Urgain».
ARGITALPENA:
Izenburua: Ur arreak, ur garbiak
Egilea: Joan Mari Irigoien.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialde kopurua: 300.
Salneurria: 21 euro.