e-Mintza, behar dutenen ahotsa
Donostian garaturiko komunikaziorako konputagailu programa berria aurkeztu dute; hitz egiteko garaian zailtasunak eta ezintasuna dutenei zuzenduriko tresna doan eskuratu daiteke euskaraz, gazteleraz zein elebitan.
Pertsona gehienek jakintzat ematen dute hitz egiteko gaitasuna. Beste
batzuek, ordea, laguntza behar izaten dute komunikatzeko garaian. Hain zuzen ere, langintza horretan aringarri izan nahi duen e-Mintza konputagailu programa aurkeztu dute; sortzaileek diotenez, «erabat Donostian sortua».
Duela bi urte hasi zen Poliklinika Gipuzkoako Carlos Elosegi fundazioa mintzaira arazoak zituzten pertsonei laguntzeko nahian. Horren segidan, Miramon Teknologia Parkean egoitza duen Nesplora enpresara jo zuen hauekin batera proiektua gauzatzeko. Orange fundazioa eta beste hainbat babesleren laguntza lortuta, hirugarren hanka falta zitzaion dagoeneko ideia eta garatzeko ahalmena zuen proiektuari: erabiltzaileen iritzia. Horretarako, Gautena elkarteari beraiekin lan egiteko eskatu zioten.
Baina, zertarako hori guztia? Joaquin Fuentesek erantzun du galdera hori: «Bada, komunikazio arazoak izan ditzaketenei ahots elektronikoa emateko». Erabiltzaileak irudiak ukituta tabletak, edo konputagailuak, hitz hori bera ahoskatzen du. Autismoak jotako pertsonekin egin dituzte proba guztiak, baina, erabilgarri izan daiteke beste askorentzat: garuneko infartuak izan dituztenak, gor-mutuak, Parkinson gaixoak…
Nahi duen orok eskura dezake Mac OSX, Windows eta Android sistema eragileen gainean dabilen e-Mintza aplikazioa, izan ere doan eskuratzeko aukera ematen baitute http://fundacionorange.es/emintza.html helbidedun webgunean. Beste hamaika ezaugarriren artean, bi dira nabarmentzekoak, erabilterraza izatea, bai erabiltzailearentzat eta baita hau zaintzen dutenentzat. Bestea, euskaraz ere sortua izatea, askorentzat hori izaten delako gainditu beharreko oztopo gehigarria.