Hamar erakunde adierazpen eta 23 mozio izango ditu osoko bilkurak
Biharkoa azken urteetako udalbatzarrik «gogaikarriena» izango dela dio Ricardo Burutaranek
Agintaldiko bigarren udalbatzarra egingo dute bihar, 17:00etan. Orain arteko osoko bilkuretan, batez beste, erakunde adierazpen bakarra eta laupabost mozio aurkezten bazituzten, biharkoan marka guztiak gaindituko dituzte; hamar erakunde adierazpen eta 23 mozio izango dituztelako eztabaidatzeko. Hasiera batean, 25 mozio batu zituzten; udal bozeramaileek, ordea, horietako bi adostu dituzte jada. EAJk aurkeztutakoa izan da aho batez onartu duten horietako bat. Mozio horren bitartez, Gizarte Batzordea eta aholkularitza batzordeak antolatzera bultzatuko dute Udal Gobernua. Partaidetza plana osatzea izan da Udal Gobernuari egindako beste eskaera bat.
Azken urteetako udalbatzarrik «gogaikarriena» izango dela adierazi du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. Ramon Gomez PPko bozeramaileak gauerdira arte luzatu daitekeela ohartarazi du. Egoera horrek lana eta etxeko eginbeharrak ez diela ez udal ordezkari ez kazetari ezta udal langilei uztartzen uzten salatu du. Honela, osoko bilkurak goizez antolatzeko eskaera egin dio alkateari. Ricardo Burutaranek, ordea, herritar partaidetzarik handiena ahalbidetuko duen ordutegian egingo dutela erantzun du.
Jorratuko dituzten erakunde adierazpenen artean, Bilduk aurkeztutako lau, eta PPk mahai gainean jarritako beste bat dago.
Bilduko ordezkariak egindako lauen inguruko azalpenak eman ditu. Lehenengoa Eusko Jaurlaritzari bideratu nahi diote. Peñaflorida institutuko zuhaitzak mantentzeko eskaera egingo diote, hain justu. Landare ondarea babesteko neurriak hartzea beharrezkoa dela azaldu du Burutaranek. Hala, zuhaitzak lekuz aldatuko direla ziurtatzeko «bermeak» nahi ditu Udal Gobernuak. Zuhaitzak mugitzeko gastuak, gainera, Jaurlaritzak bere gain hartu beharko lituzkeela zehaztu du.
Bigarren erakunde adierazpen baten bidez, datorren urteko Aste Nagusia antolatzeko, partaidetzarako bide berriak zabaldu nahi ditu Bilduk, eta udal taldeen babesa izango duen batzorde berezi bat antolatzea du adierazpenak xede. Bilduk, era berean, Euskal Trenbide Sareari arreta deitu nahi dio. EuskoTren kudeatzen duen erakundeak esku artean dituen txostenen berri izan nahi du Udal Gobernuak. Lantzen dituzten egitasmoek Udalari nahiz Aldundiari eragiten dienean, duten informazioa partekatu beharko luketela jakinarazi du Ricardo Burutaranek.
Laugarren erakunde adierazpenak Loiolako koarteleko lursailak eskuratzea du helburu. Defentsa ministerioari eskaera egiteko ardura, Udal Gobernuarena baino, Udalarena izatea nahi du Bilduk. Espainiako hauteskundeetan parte hartuko duten hautagaiek lursailok eskuratzeko jarrera irmoa agertzea nahi dute. Ramon Gomezek, behinik behin, argi du, azaroaren 20tik aurrera, lursail horiek eskuratu ahal izateko, Madrilera joan beharko duela negoziatzera; «militarrek ez dute handik besterik gabe alde egingo». Beren premiak zeintzuk diren ezagutu behar direla aditzera eman du.
Jakintza ikastolarentzat egoitza berria eraikitzeko ere izapideak azkartzea eskatuko du PPk.