Hegaztien Eguna dela eta, jardunaldiak antolatu ditu Vasco de Campingek
Bideo didaktikoen eta bisita gidatuen bidez, txorien mundua gerturatzen saiatuko dira hainbat aditu
Vasco de Camping elkarteak natura zaindu eta sustatzeko lan asko egiten du. Oraingoan, Hegaztien Egunaren harira, hiru jarduera antolatu ditu, lau elkarteren laguntzarekin: Ugatza Ornitologia Elkartea, Dinafem Seeds, Cristina Enea Fundazioa eta Txingudi Parkea.
Lehenengo jarduera ostiral honetan bertan izango da. Izan ere, Dani Morzillok hiru ikus-entzunezko aurkeztuko ditu, Okendo kultur etxean. Biologoa eta ortitologian aditua izateaz gain, dokumental egilea eta natura argazkilaria ere bada Morcillo. Cosas de pajaros (Txorien gauzak) izenpean, hainbat ikusentzunezko didaktiko sortu ditu Morcillok. Gainera, sariak ere jaso ditu bideo horiengatik. Ostiraleko aurkezpenean, bi ikus-entzunezko jarriko ditu ikusgai: La Pluma eta Picos y patas. Horretaz gain, bideoak egiteko ideia nola sortu zitzaion eta nola osatu zituen azalduko du egileak.
Bi irteera interesgarri
Bideo emanaldiez gain, bi irteera interesgarri ere antolatu ditu mendi elkarteak. Lehena, larunbat honetan izango da, urriaren 1ean. Irungo Plaiaundi parke ekologikoa ezagutuko dute bisitariek. Parkearen aurkezpen moduan, bideo bat ikusiko dute, eta ondoren, hezegunean barrena bisita gidatua egingo baitute. Bisitan zehar teknikari adituen azalpenak jasoko dute. Hori gutxi balitz, behin bisita bukatuta, kabi-kaxa tailerrean parte hartzeko aukera izango dute.
Hurrengo ibilaldia, berriz, beranduago egingo dute, urriaren 22an. Akitaniara joango dira, Barthes de l’Adour eta Marais d’Orx ezagutzera. Hegaztientzako babes bereziko ingurua bezala sailkatua dago, Baiona eta Dax arteko lur tarte hori, 1991tik. Hala, oihan inguru bereziak ezagutzeko aukera paregabea izango dute partaideek.
Ekimen guztiak irekiak izango dira, eta parte hartu nahi duena elkartearekin harremanetan jar daiteke, 943-27 18 66 telefonoan edota cvc@vascodecamping.org posta elektronikoan. Hori bai, ibilaldietan parte hartzeko, arropa deigarria ez janzteko gomendatu dute, baita prismatikoak eramatea ere.
Hegaztien Eguna, vasco de camping
Irailak 30, ostirala. La pluma, eta Picos y Patas ikus-entzunezkoen aurkezpena. Okendo kultur etxean, 19:00etan.
Urriak 1, larunbata. Irungo Plaiaundi parke ekologikora bisita; ibilaldi gidatua hezegunean barrena. Plaiaundi bertan geratuko dira, 09:30ean.
Urriak 22, larunbata. Ibilaldi ornitologikoa Akitanian; Barthes de l’Adour eta Marais d’Orx. Artzain Onaren elizatik aterako da antolatuko duten autobusa, 8:00etan.