Lau lineatan aldaketak egingo ditu Dbusek astelehenean
Garraio publikoari muzin egiteko gero eta aitzaki gutxiago izatea da Mugikortasun sailaren erronketako bat. Honela, autobusa hartzeko ahalik eta eskaintza erakargarriena osatzeko asmoz, lau lineatan hainbat aldaketa jarriko ditu abian Donostiabusek astelehenean. Mutualidades-Anoeta, Trintxerpe-Altza-Molinao eta Martutene-Egia-Gros zerbitzuek ibilbide berria izango dute. Amara-Martutene zerbitzuak, berriz, ordutegi zabalagoa izango du; gauez, autorik hartu gabe, Loiola edo Martutenera joan ahal izateko.
Aldaketa horiek gastu handiagoa ez dutela eragingo aditzera eman du Gerardo Lertxundi Donostiabuseko gerenteak. Autobus eta gidari kopuru berberarekin molda daitezkeela adierazi du.
Mutulidades-Anoeta lineak, Anoetara bidean, Antso Jakitunaren hiribidetik joateari utziko dio eta Errondo pasealekutik sartuko da. Bi geltoki izango ditu: Errondo pasealekuko seigarren atarian eta Morlans parean. Era horretan, Morlanseko etxe berrietara helduko da autobusa.
Morlansekoek ez ezik, Loiola Erriberako bizilagunek ere zerbitzu erakargarriagoa izango dute. Martutene-Egia-Gros lineak Bartzelona hiribidea zeharkatuko du Grosera bidean, eta bi geltoki izango ditu 35 eta 15 atarietan. Bertatik Grosera edo Erdialdera hamar bat minututan heltzeko aukera egongo da. Bizilagunek, hortaz, 26 eta 41 linearen artean, egokien datorkiena aukeratu ahal izango dute.
Trintxerpe eta Bidebieta ingurukoek, halaber, aldaketez baliatzeko aukera izango dute. 38 lineako mikrobusak zazpi geltoki berri izango ditu: Euskadi Etorbidea 5, Euskadi Etorbidea 25, Anbulategia, Gran Sol, Borda Enea, Oiartzun 8 eta Ulia 25. Erdialdera iristeko, Bidebietako zerbitzuarekin doako autobus aldaketak egiteko aukera izango dute bizilagunek.
Martuteneko linean ibilbide aldaketarik aurreikusi ez duten arren, ordutegi zabalagoa izango du. Azken zerbitzuak gauerdian aterako dira Bulebarretik. Orain arte, 22:10etan, lanegunetan, eta 22:20etan, jai egunetan, zuten azken irteera.
Donostiabus, aldaketak
- 21- Mutualidades-Anoeta. Anoetara bidean Errondo pasealekutik igaroko da eta bi geltoki berri izango ditu: Errondo 6 eta Morlans.
- 41- Martutene-Egia- Gros. Groseko norabidean, Loiolako Erribera zeharkatuko du eta bi geltoki izango ditu Bartzelona hiribidean.
- 38- Trintxerpe-Altza-Molinao. Zazpi geltoki berri izango ditu Trintxerpen.
- 26- Amara-Martutene. Ordutegia zabalduko dute. Lanegun eta larunbatetan 22:24-22:45 eta gauerdian aterako dira azken autobusak Bulebarretik. Jai egunetan: 22:45 eta gauerdian.