Taxilariek %4,5eko igoera proposatu dute
Datorren hilabetean 2012ko udal tasa eta zergak finkatuko diren moduan, hurrengo urteko taxi tarifak zehazten joateko unea heldu da. Taxilariek, bada, euren proposamena aurkeztu dute. Batez beste, %4,5eko igoera planteatu dute. Igoera hori, dena den, ez da behin betikoa, Udal Gobernuak taxilarien proposamena aztertu eta adostasunera heltzeko haiekiekin negoziatu beharko du. Erabaki hori «hamabost egun barru» hel daitekeela kalkulatu du Iñaki Perez De Eulate Vallina Teletaxiko presidenteak.
Tarifa horiek urteko Kontsumo Indize Prezioen baitan ezarri dituzte. KPI orokorraren eta garraioari ezarritakoaren artean oreka bilatzen ahalegindu direla azaldu du. Hala, normalean egiten duten bezala, gutxieneko tarifan ezarri dute igoerarik handiena. Taxilariek proposatutakoak aurrera egingo balu, gutxieneko tarifak %7 egingo luke gora. Era horretan, astegunetan egunez egiten diren bidaietarako indarrean dagoen 4,93 euroko tarifa 5,27 eurotan bilakatuko litzateke. Bidai luzeak gutxiago zigortzeko asmoz, ibilitako kilometroek eta itxaron orduek %2 hazkundea izango lukete taxilarien eskaera onartuz gero.
Gasolioa
Tarifa horiekin gastuei aurre egin eta erosteko ahalmenari eustea dute helburu. Hain justu, oreka hori bilatzerakoan gasolioak azken urteetan izan duen igoerak nabarmen erasan duela azaldu du Radio Taxi taldeko buruak, Angel Arribillagak. Hori dela eta, taxilari askok ibilgailu hibridoen alde egin duela aditzera eman du Radio Taxiko kideak. Hirian, denera, hamar bat taxi hibrido dabiltzala kalkulatu du.
2010aren antzera
2012ko tarifa berriak adostu bitartean, uztailarekin batera, hilabeterik emankorrenean daude –Arribillagaren arabera– taxilariak murgilduta. Udan, turista kopuruan izaten diren gorabeherek gehiegi ez diela eragiten zehaztu du, bertakoekin egiten dutelako lan batipat. Urtea, oro har, 2010aren antzera doala azpimarratu dute bi taxilariek.
2012rako tarifak
- Astegunetan (7:00-22:00) Gutxieneko tarifa. 5,27 euro Ibilitako km. 0,67 euro Itxaron ordua. 19,45 euro
- Gaua, jai egunak (22:00-7:00) Gutxieneko tarifa. 6,12 euro Ibilitako km. 1,03 euro Itxaron ordua. 25,94 euro
- Ostirala, jai bezperak (22:00-7:00) Gutxieneko tarifa. 6,13 euro Ibilitako km. 1,07 euro Itxaron ordua. 26,85 euro