Euskal Herriko I. Mendi Duatloi Zirkuitua antolatu du Lokatzetan Kirol Taldeak hainbat elkarteren laguntzarekin; Ibarran jokatu dute lehen proba eta Zubietaren txanda datorren astean izango da.

Aurreko asteburuan Ibarran jokatutako probako irabazleak, podiumean (Argazkia: Lokatzetan Kirol Taldea)
Probintziatik probintziara jauzi eginez, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua osatu dute, lehen aldiz. Guztira, zazpi probek osatzen dute zirkuitua eta nahi duen edonork parte har dezake; bai kirolari federatuak bai federatu gabeak. Lehengo proba dagoeneko jokatu zuten, aurreko asteburuan, Ibarran. Baina oraindik beste zazpi falta dira: Arriaran, Zubieta, Zilbeti, Zalla, Langraitz, Amasa eta Mallabia.
Zirkuitua osatzearen ideia, 2010eko urrian egindako bilera batetik sortu zela diote antolatzaileek mendiduatloia.com webgunean. «Gure helburua, Euskal Herrian dauden mendi duatloiak bat egin eta mendi duatloi zirkuitu bat osatzea izan da. Horrela, kirol honi bultzada eman, eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu», diote antolatzaileek. Proiektua sortu dutenen artean, mendi duatloien antolatzaile direnak, izan direnak eta izateko gogotan daudenak daude. «Herrialde honetan kirol honek duen hutsunea bete nahi dugu», diote.
Zubietakoa berezia izango da
Antolakuntzaren atzean, Lokatzetan Kirol Taldea dago, eta Irutxuloko Hitza beraiekin harremanetan jarri da, datu zehatzagoak jasotzeko. Klubeko kide batek dioenez, pozik geratu dira aurreko astean Ibarran jokatutako lehen probarekin. Guztira, 116 lagunek parte hartu zuten eta Ion Erguin beasaindarra izan zen irabazlea. «Lehenengoa izateko oso ongi atera zen eta partaidetza handia izan genuen». Oraindik, ordea, badute lana, baina tokian tokiko herri elkarteen laguntza izango dute. Asteburu honetan Beasainen izango da proba, Arriaranen, eta urriaren 8an, berriz, Zubietan. «Hasieran hiru herritan banatu behar genuen zirkuitua, baina ahoz ahokoaren bidez, zabaldu egin da eta herri gehiago batu dira. Badakit datorren urterako ere herri gehiegok eskaera egin dutela», dio Lokatzetaneko kideak.
Zirkuitua osatzen duten lasterketen formatua honakoa izango da: Korrika+bizikleta edo korrika+bizikleta+korrika. Gogortasuna, lekuan lekuko lasterketaren antolatzaileek erabakiko dute. Hala, probaren puntuazioa bere gogortasunaren araberakoa izango da. Hala, proba geroz eta gogorragoa izan, orduan eta puntu gehiago balioko ditu. Bestetik, azken probak, Mallabiakoak, puntuaketa bikoitza izango du.
Zubietako proba are bereziagoa izango da, gainera. Izan ere, zirkuituaren barneko probetako bat Euskal Herriko Txapelketa izatea erabaki behar zuten, eta Zubietakoa aukeratu dute. Beraz, garrantzia bikoitza izango du; zirkuiturako proba puntuagarria izateaz gain, Txapelketako irabazleak erabakiko baitira.
Bakarkako irabazleak erabakitzeko, proba guztietako puntuak batuko dituzte, sailkapena osatuz. Taldekako sailkapen bat ere osatuko dute. Taldeak bost lagunekoak izango dira, eta ezingo dira taldekideak aldatu. Proba bakoitzean, talde bakoitzeko lehenengo hiru kideen denborak batuta erabakiko dute taldekako sailkapena. Zirkuitua bukatzean, puntu gehien batu dituen taldea izango da irabazlea.
Izen emateak txandaka
Zirkuitua guztira zortzi probek osatzen duten arren, kirolariek aukera izango dute nahi duten probetan parte hartzeko. Hori bai, guztietan parte hartzen duena saritu egingo dute.
Proba bakoitzerako izen ematea, behin aurreko asteko proba bukatzean zabaltzen dute. Epea, proba bakoitza jokatu aurreko egunean ixten dute, 22:00etan. Tokia geratu ezkero, ordea, probaren egunean bertan ere izena emateko aukera ematen dute. Herri bakoitzak erabaki du zenbateko partaidetza jarri bere probarako. Hala, tokia lehenengo izena ematen dutenentzat izango da. Edonola, izen emateak 15 euroko prezioa izango du eta mendiduatloia.com webgunean egin daiteke. Bestela, 648-04 37 31 telefonora dei daiteke, astearte eta ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara.
Euskal Herriko I. Mendi Duatloi Zirkuitua: Irailak 24-Azaroak 27
- Ibarra (Gipuzkoa). Irailak 24.
- Arriaran (Gip.). Urriak 1.
- Zubieta. Urriak 8, larunbata, 16:00etan.
- Zilbeti (Nafarroa). urriak 1.
- Zalla (Bizkaia). Urriak 30.
- Langraitz (Araba). Urriak 1.
- Amasa (Gip.). Azaroak 20.
- Mallabia (Biz.). Azaroak 27.
Zubietako proba
- 1. Sektorea: 4,9 kilometroko mendi lasterketa (4,9 km; 171 m+)
- 2. Sektorea: Mendi bizikletaz 6,5 kilomotroko bi itzuli (13 km; 614 m+)
- 3. Sektorea: 2,6 kilometroko mendi lasterketa (2,1 km; 50 m+).