Marrazkien bidez: Zorionak Casares!
Altzako kultur etxea den Casares-Tomasenek 25 urte bete berri ditu. Bizilagunen ekarpenak ongi etorriak izan dira ospakizunetan, eta horien artean ez dira altzatar txikienen zorionak emateko gogoa falta izan.
Kultur etxeko liburutegiko arduradun Ana Hernandezek azaldu du haurren parte hartzea bideratzeko modua bilatzen jardun zutela, «marrazkien erakusketa antolatzea erabaki genuen arte».
Altza Herri Ikastetxeko, Oleta eta Harri Berri eskoletako haurrek liburutegira bisita egin eta gero, maiatza inguruan, egin zituzten koloretako zorion emaileak. Altzan erreferente den eraikin granatea omentzen dute haur liburutegian dauden erakusketako marrazkiek. «Zorionak!» diote artelanetako askok, beste askotan tartak azaltzen diren bitartean.
Haurren opari-marrazkietako batzuetan azaltzen da irudi bitxi bat ere: itsasontzia. «Hala da», azaldu du Hernandezek, «hor nonbait bisita egindakoan piraten liburua-edo ikusiko zuten, eta horrekin lotu dute liburutegia».
Haurren eta liburutegiaren arteko harremana ez da bisita horietara mugatzen. Hernandezek azaldu duenez, «ume horietako asko liburutegira gurasoekin etorri ohi dira». Are gehiago, hilaren 17an marrazkiak ikusgai jarri zituztenetik, bertatik pasatu dira egiletako batzuk, «eta bere lana bertan ikustea gustuko izan dute». Gozagarria denboran luzatuko da; izan ere, hilaren bukaerarekin erakusketa kentzekoa bazen ere, mantentzea pentsatzen ari direla adierazi bai