Donostiako zazpi taberna lehiatuko dira pintxo lehiaketan
Euskal Herriko VI. Pintxo Lehiaketa jokatuko dute gaurtik asteazkenera bitartean Hondarribian. Bertan, pintxo berezi eta gozoenak prestatzen saiatuko dira hainbat jatetxe eta tabernetako sukaldari finenak. Zehazki, 75 tabernek parte hartuko dute eta horietatik gehienak gipuzkoarrak dira, 23; 22 bizkaitar, 14 arabar, 13 nafar eta Ipar Euskal Herriko bat. Gipuzkoarren artean, Donostiako tabernak ere ez dira gutxi, zazpi guztira: Bergara Etxea, Cabo Norte, Zeruko, La Perla, Astelena, Munto eta Rojo y Negro.
Lehiaketa gaur hasiko da eta astearte arratsaldean finalerdiak jokatuko dituzte. Hala, Beasaingo Dolarea taberna, Gasteizko Rodaballo, Bilboko Gure Toki eta Iruñeko Chelsey orduan sartuko dira lehian, beraiek baitira Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako txapeldunak, hurrenez hurren. Finelerditik irtengo dira finalerako sailkatuko diren 10 lehiakideak.
Sari garrantzitsuak jasoko dituzte irabazleek. Txapela, garaikurra, eta 3.000 euro jasoko ditu irabazleak; bigarren sailkatuak, garaikurra eta 2.000 euro eta hirugarrenak, garaikurra eta 1.000 euro.