Lehenengoa, igandean
Hiru hondartzetako krosa jokatuko dute igandean, Ondarreta eta Zurriola arteko joan-etorria eginez; abendua arte beste bost herri lasterketa egongo dira aukeran Donostian.
Udazkena iristearekin batera herri lasterketen garaia zabaltzen da. Asteburu honetan bertan hasi eta abendua bitartean sei lasterketa egongo dira jokoan Donostian. Lehena, hiru hondartzetako krosa izango da, eta azkena, berriz, urteari agurra emateko, abenduaren 31ko San Silvestre. Korrika egiteko gogoz dagoenak, beraz, ez dauka aitzakiarik. Guztiek ere bere berezitasuna dutenez, gogokoena aukeratzea da gakoa.
Hiru hondartzetako krosaren berezitasuna argi baino argiago dago, izenak berak baitio. Irteera eta helmuga Ondarretan ditu, eta hortik abiatuta, Zurriolarainoko joan-etorria egin beharko dute partaideek, Kontxatik igarota. Dagoeneko izen ematea zabalik dago, eta Internet bitartez bakarrik egin daiteke, www.cross3playas.com webgunean. Hori baino lehen, ordea, erregistroa egin behar da www.kirolprobak.com webgunean. Guztira, 10 kilometroko ibilbidea osatuko dute korrikalariek. Azken urteetan, 2.300 partaide baino gehiago izan dira bertan, eta aurten, 2.700ean jarri dute gehienezko partaidetza. Lasterketa egiteko gehienezko denbora muga, berriz, ordu eta erdikoa da. Lasterketarako txipa, dortsala eta kamiseta urriaren 8an, banatuko dituzte, Alderdi Ederren jarritako karpa batean; 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bestela, lasterketaren egun berean irteera inguruan jaso beharko dira.
Ez da oso urrutira begiratu behar hurrengo lasterketaren data aurkitzeko. Izan ere, hortik hiru egunera, Martuteneko jaien barruan ere krosa egongo da jokoan. Jai giroan egingo den lehia izango da beraz, eta aurrekoa baino motzagoa izango da, 6’6 kilometrorekin. Iaz 107 partaide bildu zituen probak.
Hurrengo lehia ere oso gertu dago, baino horretarako pixka bat hobeto prestatua egon beharra dago, 15 kilometroko luzerakoa baita: 15 Kilometroko Klasikoa.
Behobia Txikia indartuko dute
Datozen probarik gogorrenak, ordea, hurrengo biak dira, Behobia-Donostia azaroaren 13an, eta Donostiako nazioarteko maratoia azaroaren 27an. Lehenak ez du aurkezpenik ere behar, aski ezaguna baita Gipuzkoan, baita Gipuzkoatik kanpo ere. Izen ematea, jakina den bezala, oso azkar eman behar izaten da eta momentuz betea dago. Behobia Txikirako izen ematea, ordea, bihartik egongo da zabalik. Fortunak komunikabideetara bidalitako oharraren arabera, «azken urteetako arrakastaren ondoren, antolakuntzak garrantzia handiagoa eman nahi dio ekitaldi honi, eta horretarako hainbat aldaketa egingo ditu». Aldaketa nagusia, egun aldaketa da. Izan ere, 20 kilometroko lasterketaren egun berean jokatu beharrean, egun bat lehenago egingo dute. Hau da, azaroaren 12an. Egun aldaketa dela eta, partaidetza kopurua ere zabalduko dute 2.000raino. Gainera, 8-12 urte haurrentzako izan beharrean, 0-15 urteen arteko muga jarri dute. Bestetik, Bulebarrean izan beharrean, lehia Alderdi Eder ingurura igaroko dute.
Aurrerago, Donostiako Nazioarteko Maratoiaren txanda izango da, korrikalari ausartenentzako elkargunea; ez baititu edonork 42 kilometro egiten korrika. Edonola, izen ematea zabalik dago eta nahi duen edonork parte har dezake. Urteari agur esateko, berriz, klasikoen artean klasikoenetakoa, San Silvestre. Oraindik ere urrun dagoenez, izen ematea ere ez dago zabalik, azaroaren 13an irekiko baitute. Aukerak, behintzat, falta ez dira falta, esan bezala, egokiena aukeratu behar.
Datozen lasterketak, dataren arabera. Egutegia:
- Hiru hondartzetako krosa. -Noiz. Urriaren 9an, 11:00etan. -Luzera: 10 km. -Izen ematea: kirolprobak.com. -Prezioa: 9-26 euro, txiparen arabera. -Antolatzailea: Jakintza Kultur Elkartea.
- Martuteneko krosa. -Noiz: Urriaren 12an, 10:00etan. -Luzera: 6’6 km. -Izen ematea: herrikrossa.com. -Prezioa: 6 euro. -Antolatzailea: Trintxerpe KE.
- 15 kilometroko klasikoa. -Noiz: Urriaren 16an, 10:00etan. -Luzera: 15 km. -Izen ematea: 15kmsansebastian.com. -Prezioa: 12-20 euro, txiparen arabera. -Antolatzailea: Fly Group 99 sl.
- Behobia-Donostia. -Noiz: Azaroaren 13an, 11:00etan lasterkariak eta 10:15ean gurpildun aulkietan. -Luzera: 20 km. -Izen ematea: behobia-sansebastian.com (Behobia Txikirako) -Antolatzailea: Fortuna KE.
- Donostiako nazioarteko maratoia. -Noiz: Azaroaren 27an, 09:00etan. -Luzera: 42, 195 km. -Izen ematea: kirolprobak.com. -Prezioa: 42-46 euro, txiparen arabera. -Antolatzailea: Fly Group 99 sl.
- San Silvestre donostiarra. -Noiz: Abenduaren 31ean. -Izen ematea: Azaroaren 13an irekiko dute. -Antolatzailea: Amara Kirol Elkartea.