EAJri gehiegizko deritzo higiezinen zerga KPIa baino gehiago igotzea
Udal Gobernuak egin du hurrengo urteko tasa eta zergak garestitzeko proposamena. Aurtengoarekin alderatuz, familia bakoitzak 23 euro gehiago ordaindu beharko ditu 2012an. Azterketa sakonagoa egin aurretik, EAJri gehiegizkoa iruditzen zaio higiezinen gaineko zergak %5 egitea gora. Herritar guztiei eragiten dien zerga dela eta «erosteko ahalmena txikitzen» duela esan du Eneko Goia EAJko bozeramaileak.
Udal Gobernuak jakinarazi duenez, udal tasa eta zergak datorren urtean bere horretan mantentzeak gastu arruntean zazpi milioi euroko defizita eragingo luke. Igoera horren bitartez, 3,7 milioi euro gehiago jasoko lituzkete –245 milioi euro, denera– eta aurreikusitako defizitaren erdiari egingo liokete aurre. Honenbestez, gastu arrunta txikitzeko oraindik ere neurriak hartzera behartuta daudela ondorioztatu du Udal Gobernuak.
Egindako kalkuluen arabera, familia donostiar batek udal tasa eta zergei aurre egiteko, 650 euro ordaintzen ditu urtean. Kopuru hori 23 eurotan garestituko litzateke 2012an. Higiezinen gaineko zergaz gain, ibilgailuen eta jarduera ekonomikoei dagokien zergek ere %5 egingo lukete gora. Etxeko zaborren tasa, berriz, bere horretan utziko lukete eta ur eta samenduari dagokiona %3 haziko litzateke. Telefonia enpresek ordaindu behar izaten duten tasa %10 garestitzea iradoki du Udal Gobernuak.