Gazteentzako hamar ikastaro prestatu dituzte Kontadoresen
Kontsumobidek eta Topic-ek lagunduta, Brikodemestika eta Titiri-espresio tailerrak egingo dituzte.
Bidebietako Kontadores gaztelekuko ikastaroetan izena emateko epea orain egun batzuk zabaldu zuten. Pasai San Pedro etorbidearen 13. atariko zentroak hamar kultur ikastaro eskainiko ditu aurten. Hauek 16 eta 35 urte arteko gazteei zuzendurik daude, eta guztira, 127 lagunentzat lekua izango da.
Beste urte batzuetan egin dituzten funky, DJ laborategi, bideo jockey, sukaldaritza nahiz argazkilaritza lantegiekin batera, aurten, bost ikastaro berri izango dira aukeran. Topicekin elkarlanean Titiri espresio ikastaroa egingo dute. Bertan, txotxongilo ofizioa jorratuko dute, obra baten prestaketa osoa bizi, eta honetatik ikasiz. Kontsumobidek lagunduta, berriz, Brikodomestika saioak izango dira, beren kabuz bizi nahi duten gazteek kontuan hartu beharreko alderdiak ikas ditzaten. Beste berritasunak, body painting, argazkilaritza sakontze eta emakumeentzako autodefentsa lantegiak dira.
Ikastaroak hilaren 19a eta azaroaren 3a artean hasi, eta martxoa arte luzatuko dira. Saioek ordu eta erdi eta bi ordu eta erdi arteko iraupena izango dute, eta astean behin egingo dituzte argazkilaritza hastapena, titiri-espresioa eta DJ laborategia ikastaroak izan ezik. Prezioari dagokionez, 22 eta 84 euro artekoa izango da, ordu kopuruaren arabera. Izen ematea ikastaro bakoitzaren hasi edo lekuak bete arte zabalik izango da. Parte hartzeko, Kontadoresera joan, kontadores@donostia.org helbidera idatzi edo 943- 483476 telefonora deitu.