15 gazte donostiarren absoluzioa eskatuko du Eleak mugimenduak
Hamabost gazte donostiar espetxeratuak izateko arriskuan daude, Segiko kideak direla egotzita. Gazteei babesa emateko asmoz, Eleak Mugimenduak prentsaurrekoa eman du, eta larunbatean Donostian manifestazioa egingo dutela jakinarazi du;Epaiketa politikorik ez, zigorrik ez; euskal Gazteria, libre eta legala lelopean. Manifestazioa 13:00etan irtengo da Bulebarretik eta Atotxako epaitegiaren aurrean bukatuko da.
“Hemen gauden pertsonak donostiarrak gara edo oso lotuta gaude hiriarekin. Pertsona guztien eskubideak irmoki defendatu eta erreibindikatu ditugu beti. Ondokoak guk bezala pentsatu ala ez, oinarrizko eskubideen errespetuan arautu behar da elkarbizitza, eta bizitza eskubidea, askatasun publikoak, antolaketa librea eta demokraziaren orubea bortxaezinak dira”, adierazi dute Eleak mugimenduko kideek. Azken finean, gazte guztiak kargurik gabe uztea da mugimenduak eskatzen duena. “Donostiako 15 gazte horien kontrako prozeduraren amaiera exijitzen dugu; libre eta kargurik gabe nahi ditugu, asko baita herri honi eskaini behar dioten ahalegina eta bizipoza. Guztien absolbitzea nahi dugu, argi eta garbi, jardunbide politikoen judizializazioa eskubide urraketa larria ez ezik, irekitako prozesuaren kontrako erasoa ere badelako”.