Donosti Rollerreko kideek jardueraz beteriko asteburua osatuko dute
15 kilometroko lasterketa klasikoaren aitzakian, patinak ia gainetik kendu gabe egongo dira
Dagoeneko itxi dute 15 kilometroko klasikorako izen ematea, baina gaur bertan egingo duten aurkezpenean jakinaraziko dute zeintzuk izango diren korrikalari gogorrenak. Korrikalariez gain, ordea, egongo dira bestelako partaideak. Izan ere, azken urteetan bezala, patin gaineko partaideek ez dute hutsik egingo. Korrikalariak baino ordu laurden lehenago izango dute irteera, 09:45ean. Donostiako patinatzaileen taldeak, ordea, Donosti Rollerrek, jai giroa asteburu guztirako zabaldu du; ostiraletik igandera arte.
Patinak ostiralerako jantziak izango dituzte, eta ezer gutxirako kenduko dituzte asteburu osoan. Hasteko, ostiral arratsaldean, Alderdi Ederren biltzeko asmoa dute. Bertan, patinatzen ibiliko dira, animatzen den jende guztiekin batera. Patinetan ibili bai, baina gehiegi nekatu gabe aritu beharko dira. Izan ere, gauerako jai berezia antolatu dute. Groseko People tabernan, II. Disco Roller jaia prestatuko dute. Jai berezia izango da; musika eta edaria ez dira faltako, baina partaide guztiak patinetan dantzatu beharko dira. Edonola ere, ez zaie komeniko gauean gehiegi luzatzea, hurrengo eguna are gogorragoa izango baitute.
Lo egiteko kendutako patinak berriro ere jantzi, eta larunbatean egun luzea izango dute eskuartean. Haizearen Orrazian bilduko dira, 10:30ean, eta handik Pasaiako portura iritsi arte 10 kilometroko ibilbidea egingo dute. Behin Pasaiara iritsita, patinak kendu, eta bisita gidatua egingo dute Mater atun itsasontzian. Ondoren, Pasaiako badia itsasontzi ibilalditxo batean ezagutuko dute, eta bukatzeko, elkarrekin bazkaria egingo dute.
Lasterketa eta gehiago
Jai handiena, igandekoa izango da, orduan jokatuko baitute 15 kilometroko klasikoa. Patinatzaileek gehienez ordubete izango dute ibilbidea osatzeko, eta lehenengo korrikalariak harrapatzen duen patinatzailea kanporatua geratuko da zuzenean. Hori bai, bidegorritik Anoetako helmugara arte jarraitzeko aukera izango dute. Edonorentzako zabaldukotako lasterketa den arren, patinatzaileek gutxieneko maila fisikoa eta teknikoa izatea eskatzen dute antolatzaileek. Eta noski, beharrezkoa izango da babesa eramatea, bai buruko kaskoa bai gainontzeko gorputz atalak babestekoak. Bakoitza ahalik eta denborarik onena egiten saiatuko da, eta behin dutxa goxoa hartuta, bazkaltzeko elkartuko dira.
Rollingen egitaraua, 15 km klasikoaren harira
Ostirala 14
- 19:00: Alderdi Ederren patinatze saioa egingo dute. Jarduera irekia izango da.
- 21:00-1:00:II. Disco Roller jaia, Groseko People tabernan. Jarduera irekia izango da, 18 urtetik gorakoentzat.
- 10:30. Itsasoaren ibilbidea. Donostia eta Pasaia artean, 10 kilometroko ibilbidea patinetan egingo dute.
- 12:00. Pasaiako portura iritsi eta bisita gidatua egingo dute Mater atun itsasontzian. Pasaiako badian barrena ibiliko dira itsasontzian.
- 14:00. Bazkaria, Pari Berri jatetxean. Larunbateko jarduera guztietarako izena eman behar da. Informazio gehiagorako: www.donostiroller.com/contacto
- 10:45:15 kilometroko klasikoa, patinatzaileen irteera. Ondoren, bazkaria egingo dute.